Apirilaren 16an itxiko da Iñaki Arregi ikerketa bekaren hirugarren deialdira lanak aurkezteko epea
UEMAk 2019an abiatu zuen euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko
Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko Iñaki Arregi ikerketa bekaren hirugarren deialdia egin du UEMAk eta lanak aurkezteko epea apirilaren 16ra bitarte izango da. Jasotako lanetatik bi sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin, eta epaimahaiak maiatzaren 16an jakinaraziko du. Egun horretatik aurrera, saridunek 12 hilabeteko epea izango dute ikerlanak garatzeko eta amaituta aurkezteko. Amaitzean, gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.
Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk aurten antolatuko dituen jardunaldietan ezagutarazi ahal izango dira lan saridunen edukiak.
Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) UEMAren koordinatzailea izan zen, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea, mankomunitateak oroitu duen bezala. Haren omenez abiatu zuen 2019an ikerketa beka «udalerri euskaldunen ikerketa, garapena eta egoera soziolinguistikoaren ezagutza jendarteratzeko» asmoz.
Bi urtean behin arlo horiei buruzko proiektuak diruz laguntzen dira Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskalgintzaren Kontseiluaren laguntzarekin. 2019an bi lan saritu zituen epaimahaiak: Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa; eta Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.
Bigarren deialdian, berriz, Saioa Zuazubiskar arkitektoaren 'Herri euskaldunak diseinatzen. Eragin linguistikoaren manuala arkitekturan eta hirigintzan' egitasmoa izan zen beka jaso zuen lehen lana. Horrekin batera, June Furundarena, Leire Sanchez eta Jon Izetak osatutako lantaldearen proposamena izan zen epaimahaiak saritu zuen bigarren ikerketa: 'Euskal gazte hiztunen hizkuntza autoestimua: faktoreen analisia eta egoera iraultzeko' proposamena.