400.000 euroko laguntzak enpresetan berdintasun-planak egiteko
Aurtengo edizioan, 61 enpresak baliatuko dituzte Emakunderen laguntzak berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko
Asteazkena, 10 abuztua 2022, 12:50
Emakundek, urtero bezala, enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egingo du, berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko. Duela bi urtera arte, diru-laguntzaren zenbatekoa 200.000 euro zen, baina geroztik bikoiztu egin da, eta orain 400.000 euroko laguntzak ematen dira.
Erakunde bakoitzak 1.000 eta 12.000 euro bitartean jaso ditzake, eta aurtengo edizioan 61ek egingo dute. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez, beharrezkoa da enpresetan berdintasunaren kultura sartzea, eta «berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteak aurrerapauso garrantzitsuak ahalbidetzen ditu zentzu horretan».
Berdintasun-planak egiteko laguntza ekonomikoaz gain, Emakundek beste bide batzuk ere baditu enpresei laguntzeko: erakundeetan berdintasun-neurrien diseinua errazteko informazioa eta aholkuak ematea, webgunean eskuragarri dauden azterlanak, prestakuntza-jardunaldiak, gidak eta beste tresna metodologiko batzuk eginez; berdintasunaren aldeko jarduerak egiten dituzten erakundeak aitortzea; eta berdintasunarekin konprometitutako enpresen sareak sortzen laguntzea, enpresa publikoen sarearen zein Berdintasunerako Lankidetza Erakundeen 'BAI SAREA' sarearen bidez.
Sarea, Emakundek sustatua, 2018ko martxoan eratu zen formalki. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundeek osatuta dago eta bere helburu nagusiak dira «esperientziak, jakintzak, praktikak, ikaskuntzak, ideiak, metodologiak, eta abar konpartitzea», «elkarrekin lan egitea neurriak garatzen, tresnak sortzen eta ekimenak garatzen» eta Sarea bera ikusaraztea, hori osatzen duten erakundeen barruan nahiz gizartean oro har. «Enpresa eta gizartea eraldatzea, lan esparruko genero arrakalak murriztuz eta berdintasuna eta gizarte justizia erakundeetako balio estrategikotzat harturik» ere bada Sarearen xede garrantzitsuenetako bat.