Gazte gabe gelditzeko arriskua du Euskadik egungo egoerari buelta ematen ez bazaio
Euskadiko Gazte Kontseiluak Eusko Legebiltzarrean ohartarazi du hori izango dela gazteek jasaten duten behin-behinekotasunaren eta langabeziaren ondorioa
Joseba Zubialde
Martes, 18 de noviembre 2014, 18:15
Gazteek gaur egun pairatzen dituzten behin-behinekotasun eta langabezia arazoek ondorio kezkagarriak izan ditzakete Euskadin urte batzuren buruan. Gazte gabe geldituko gara eta Euskadin jasangarria ez den gizarte zaharkitu batean biziko gara, azpimarratu du astearte honetan Itsaso Anduezak, Euskadiko Gazte Kontseiluko presidenteak, Eusko Legebiltzarrean gauzatu den gazteen inguruko ponentzian. Erakundearen bozeramaileak argi utzi du egoera zail eta larri honi buelta ematen ez bazaio hori izango dela Euskadiren etorkizuna.
Publicidad
EGK-k ponentzia irekitzearen ardura izan du eta gaztediaren egoeraren ikuspegi orokorra plazaratu die bertaratu diren legebiltzarreko talde guztiei. Anduezak plazaratutakoa erakundeak gizarteko hainbat erakunde eta eragilerekin izandako bileretan jasotako ekarpenak izan dira. Gazteon egoera zaila eta larria da, azpimarratu du. Gazteok itxaropena eta ilusioa galtzen ari gara irtenbideak ikusten ez ditugulako.
Horrela, gazteek lan bat eskuratzen dutenean behinbehinekotasuna eta gure eskubideen urraketa nagusi direla salatu du, eta horrekin batera kontratazio formula bereziak sortu direla, besteak beste, bekak edo praktika kontratuak. Ildo horretatik, gaur egun gazteek atzerrira lan baten bila jo beharraren arazoaz ere ohartarazi du, batez ere, horrek eskubideen galera ere sortzen duelako. Era berean, langabezian dauden gazteei ekintzaileak izan behar garela saltzen dietela salatu du, hori mezu arriskutsua dela nabarmenduz informazioa guztia jasotzen ez dutelako.
Goizean zehar jorratu diren gaien artean etxebizitza eta, horrekin lotuta, emantzipatzeko arazoak. Anduezak azaldu duenez, gurasoen etxetik ateratzera lagundu dezaketen politikak eta ekintzak aurrera eramaten ez direlako gertatzen da hori, hala nola, alokairu publikoa bultzatzeko politikak. Hortaz, gazteek etxebizitza erostea ezinezkoa den zerbait bezala ikusten dutela adierazi du, burutik pasatzen ez zaiena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión