120 gazte bilduko dira Orozkotik Dimarako bidea egiteko
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua
DV
Ostirala, 23 ekaina 2023, 15:21
UEMAk antolatutako udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udaleku ibiltaria datorren astelehenean hasiko da, ekainaren 26an, eta uztailaren 4ra arte iraungo du, eta parte hartuko duten 120 gazteek Orozkotik Dimarako bidea egingo dute. Aurten ere, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua, UEMAtik jakinarazi dutenez.
Izan ere, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean mankomunitateko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin.
Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, azken urteotan hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, bai eta, aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta ahalduntze kolektiborako urratsa ematea ere.
Bada, aurten, 2005. eta 2008. urteen artean jaiotako gazteek izango dute Salto! udalekuan parte hartzeko aukera. Otsailean zabaldu zuen deialdia UEMAk, eta 163 lagunek eman zuten izena. Antolakuntza kontuengatik kopurua 120 lagunetara mugatu denez, azken urteotan bezala zozketa egin behar izan du horien artean UEMAk, lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko ordena kontuan hartuta. Udalekuaren kudeaketa aisialdi euskaltzalean lanean aritzen den Hezten elkarteak izango du aurten, eta bertako hezitzaileek izango dute gazteen ardura udalekuak iraungo duen bederatzi egunetan.
Guztiak Orozkoko Zubiaur plazan elkartuko dira astelehenean, 09:00etan, udaletxearen atarian, eta behin taldeetan antolatu ondoren, eta talde bakoitzak bere erreferentziazko hezitzailea duela, bederatzi eguneko egitarau oparoari emango diote hasiera.