Santo Tomas distiratsua Donostian
Eguraldi eguzkitsuarekin hasi zen atzoko festa eta goiz osoan zehar milaka lagun murgildu ziren Konstituzio, Gipuzkoa eta Okendo enparantzetan txistorra ez ezik, hainbat postutako produktu eta baserri abereak ikusteko
Joseba Zubialde
Domingo, 21 de diciembre 2014, 12:28
Donostiako Konstituzio, Gipuzkoa eta Okendo enparantzak jendez gainezka egon dira goiz osoan zehar. Igandea izateari eta, batez ere, gaurko egun eguzkitsuari zor zaio milaka lagun hiriburuko kaleetan barna ibili izana. Hainbeste jendearekin zaila izan da hainbat gunetan erraztasunez mugitzea, baina horrek ez du festa lainotu.
Txistorra taloak eta ogitartekoak izan dira goiz osoan jaun eta jabe hamaiketakoa hartzerakoan eta eguerditik aurrera, eta egarria asetzeko sagardoa, ura eta freskagarriak izan dira ohikoenak. Tradizioak agintzen duen moduan haurrak eta helduak goitik behera baserritar arropak jantzi dituzte, egunaz bete-betean gozatzeko.
albiste gehiago
La mejor txistorra, de Getaria
albiste gehiago
Lasarte-Oria disfruta de Santo Tomás
albiste gehiago
Gran ambiente en Azpeitia
Goizak aurrera egin ahala hainbat postutan jendeak ilara luzeak egin ditu txistorra eta taloak erosteko, ez zuen axola zenbat denbora itxaron behar zen, helburua bere zaporeaz gozatzea zen eta, bide batez, eskuak apur bat berotzea talo beroarekin.
Donostiako Gipuzkoa enparantzan hainbat ekoizle bildu dira eta bertan baserriko produktu ugari ikusteko eta erosteko aukera egon da, besteak beste, eztia, gazta, ogia, ahate-produktuak, euskal pastela eta barraskiloak.
Hala ere, denek ezagutu nahi izan dute Santo Tomas eguneko protagonista: Maikrux. Bost urteko txerri honek Konstituzio enparantzan izan du bere egonlekua eta bertara ehunka pertsona hurbildu dira argazki bat ateratzera, Zinemaldira etorritako Hollywoodeko izarra zirudien.
Baina Maikrux-ek konpetentzia gogorra izan du Okendo enparantzan. Bertan baserritarrek eramandako abereek bereganatu dute haurren arreta. Oiloak, pottokak, astoak, poniak eta behiak ikusteko, ukitzeko eta, nola ez, argazki ugari ateratzeko aukera izan dute haurrek.
Santo Tomas festa Donostiako beste hainbat auzotan ere ospatzen ari da, hala nola, Amaran, Gros-en, Antiguon eta Ibaetan, bertan bildu direnek txistorraz eta kalejiren musikaz gozatzen aritu direlarik.