Nerea Eizagirre: «Pertsona eta jokalari hobea izatea da nire eguneroko helburua»
Realarekin ehungarren partida jokatu zuen igandean 20 urte dituen Nerea Eizagirrek eta hobetzen jarraitu nahi duela dio tolosarrak
Esatea errazagoa da osatzea baino. Banan-banan bete ditu Nerea Eizagirrek ehun partida Realarekin. Zenbaki biribila da, bere adinak adierazten duena bezalaxekoa. 20 urte ditu tolosarrak. Oraindik 20. Matematikak egiten hasita, pentsa zenbateraino loditu dezaken lehenengo zifra hori. Baina berak ez dio horri begiratzen. «Partida bakoitza azkena izango balitz bezala jokatu dut. Entrenamendu bakoitzean gozatzen dut. Gozatuz, dena hobeto eramaten da, une zailak eta baita onak ere».
Pentsamolde horrekin jarraitzeko asmoa badu ere, igandeko ehungarren partida hori baliatuz eten txiki bat egin eta gogoeta egin du. «Oraindik 20 urte izanda, hainbeste partida jokatu izana gauza polita da. Eskerrak eman nahi dizkiet nirekin egon diren pertsona guztiei, garrantzitsua izaten baita egunero-egunero nere aldamenean egotea. Espero dut oraindik partida askoz gehiago jokatzea. Ez nintzateke une bakarrarekin geratuko, baina bereziak izan dira bai debuta, amets bat egi bihurtzen duzulako, baita Kopa eta ondorengo ospakizun guztia ere. Ez dut sekula ahaztuko. Hala ere, ehun partida bakoitzetik beti ikasten da zerbait eta horrekin geratzen naiz».
«Eskerrik asko nirekin egon diren pertsona guztiei, garrantzitsua baita egunero aldamenean egotea»
Aurrerantzean «hemen hobetzen jarraitu nahi dut. Gehiago ikasi. Helburua 16 urtekin Realean hasi zen Nerea hura egunero pertsona eta futbolari hobea izatea da».
Bihar, liga Logroñon
Bere ibilbidean hurrengo urratsa bihar bertan eman ahal izango du, ligako partida baitu Realak EDF Logroñoren aurka 19.00etan. Igandeko arantza kendu nahiko du. Izan ere, Nereak onartzen du bere lorpena Granadillaren aurkako porrotak erabat belztu zuela. «Beste modu batera ospatu nahi nuen».