Ezer ez eta festa
Leengo aitona eta amona, entzun. Norena dan jakinda ere, kartazal batean diru-paper mordoxka bat aurkitu ezkero, nork itzultzen dio galdu duenari?
Iñoiz lurrean edo kalean diru-txanpon txiki bat aurkitzen degunean, jaso egiten degu. Ez, zera! Guk lagatzen badegu, besteren batek jasoko du, eta «ai, aundiagoa balitz!» esaten degu geure baitan.
Diru-txanponagatik ari naiz, diru-papera aurkitzea miraria litzakeelako. Eta mirariak amaituta omen daude. Leenago bai omen ziran, bai...
Argitu nai nukeena da, dana dalako diru-txanpona aurkitzen degunean, eta aurrera goazen aiñean, beera eta alboetara begira joaten gerala puxka batean. Ea besterik bai ote dagoen. Zergatik ez? Bat bazegoen, bi edo iru ere... Edo auskalo. Baiña miraririk ez.
Beti ere, euri-egunean errazago ikusten degu, beean, ondoan dagoen txanpona. Garbiagoa eta distira geiagorekin egoten dalako. Giro leorrean bada, berriz, zakartxoak kendu, putz egin eta patrikara. Eta jarraitu beera begira.
Leengo zaarren esaldia gogoratzen zait beera begira joate onekin. Gu gazteok ikusten baginduzen zaarrek, balitz, bagenu, bagiña eta kontu oietan, azkar esango ziguten: «Zer? Beti gora begira? Beera ere begiratu egin bear dik». Edota: «Zer? Beti aurrera begira? Noizbeinka atzera ere begiratu bear diagu».
Egia da, bai. Beti gora begira ibilita, ez dago lurreko txanpona ikusterik. Baiña zaarrek ez ziguten esaten beera begira ibiltzeko txanponak aurkitzearren. Pentsaera apalagoagatik baizik. Beti gogoan jaso dezaiegun, aolku ona da eta.
Txapon aurkitzeari buruz ari geran ezkeroz, geroni ez al zaigu galdu iñoiz? Bai orixe.
Sukaldeko maai azpian, euro bat. Aiba! Arrigarria gure amonari euroa galtzea! Eta bereala konturatu: galtza-patrika zulatuta zeukaat, neure atzaparkada giltzarekin. Orduan akordatu: Tontolo arraioa! Euroa neurea izango uan. Euro geiago ere banizkian eta.
Ea galtza-patrika konpontzen dedan leenbaileen, etxean iñor akordatzerako. Eta ez esan euro geiago ere banituenik patrikan. Pakeak geiago balio du eta.
Onezkero konturatuko ziñaten ezer ez esateko zenbait izki jarri bear duen paperean. Onek ere izan bear luke, ba, bere balioa. Egundoko lerro sailla idatzi eta ezer ez kontatu. Egiten dute, ba, sekulako kontu-marmarra bota eta ezer esan ez... Ba, nerea ere antzeko-parezido da. Bakarrik, lan geiago dala idaztea, bla-bla-bla baiño.
Komenigarri eta on egin deigukeen zerbait aurkitzea atsegingarri zaigu beti. Zenbat eta aundiagoa eta ederragoa, obe. Berdin dio ezustean aurkitua edo billa gabiltzala aurkitua.
Perretxiko billa gabiltzanean ere, ea urrengoa aundiagoa dan. Aurrenekorik bada beintzat. Beera begira joateak leengo zaarren esaldia gogoratu badigu, perretxikoak aipatzeak ere gogorarazten dizkigu, ba.
Nere adiñeko eta baserrietako aitona-amonei diozuet. Gogoratzen? Bero galantarekin zelaira belar ontzera gindoazela, pagadi-basoan pasatzerakoan? «An, an, kuleto gorri aundi eta zabala, tente-tente». «An, an, gibelurdiñak. Iru edo lau onddo errenkadan, aunditik txikira». «Eta xixa ori mordoxka ura, goroldio bigunetik jaio berri, pago aundiaren itzalean, norabait abiatzeko presa balute bezala, elkarren pillan?». Azpeitiarrena: Aure dek ermusurie.
Badakizue orrek zer gogorarazten didan? Lasterkari pilla, pista batean kilometroetako lasterkara abiatzeko unea. Danak, pilla-pillan.
Eta nola laga aitatu gabe udaberriz gure zelaietan jaiotzen diran munduko koloniarik garestienak baiño usai fiñagoa duten zizak? Garestiak badira ere, balioa dutelako. Urrearekin ordaintzea merezi dutenak.
Baiña laga dezaiodan erronka oni. Badakidalako iñork ez didala kasorik egingo. Jarrai dezadan dirua aurkitze kontu orretan eta leengo zaarren aolkuekin.
Baita ere zioten zaarrek kontzientziari begira bizi bear zala. Aurkitzen dan gauza, alegia, jabeari itzuli bear zaiola. Jakin ezkero norena dan.
Baiña, leengo aitona eta amona, entzun. Norena dan jakinda ere, kartazal batean diru-paper mordoxka bat aurkitu ezkero, nork itzultzen dio galdu duenari? Leenago ere, nork itzultzen zuen? Berriz ere, azpeitiarrek esaten dutena: Or zagok, ba, koxkie.
Badakigu mirari ori ez zaigula gertatuko, gaur miraririk ez dagoelako. Baiña orrelako kartazal bat aurkitu ezkero, noren kontzientzia errukituko litzake bai leen eta bai orain? Tentazioa nagusitzen omen da orrelakoetan.
Baiña aolku onak ematea ondo dago beti. Gero betetzen ditugun edo ez, ori beste kontu bat da. Leengo zaarrek ere aolku onak bai... Zer moduz ote zuten kontzientzia?
Ai, Jainko potoloa! Jarraitu dezagun perretxiko billa. Eta bukatu dezadan sermoia. Ez naiz, ba, sermoi-zalea. Ez egiteko eta ez entzuteko. Egiten txarra eta entzuteko txarragoa.
Baiña, badaezpada ere, beera eta alboetara begira jarraitu dezagun. Nere moduan, patrika zulodunak ibiliko bait dira. Galtzen zaiona, naigabez. Aurkitzen duenak, aufi!
Leengo zaarrek naiz bide
onak erakutsi,
aukerak bazterrera
iñork ezin utzi.
Naiz ta kontzientzia
izan kontzientzi,
txanponak beti txanpon,
berriketa gutxi.
Perretxikoak biltzen
jarraitu zak, Patxi.