Borrar

Uztaila, uzta-hila?

BAI HORIXE ·

'Gosea' ia hitz hutsa izan da guretzat orain arte. Orain, agian, esanahiaz betetzen hasiko zaigu.

Osteguna, 30 ekaina 2022, 07:14

Comenta

Gero eta gertuago sumatzen dugu Ukrainako gerra. Saiatzen gara urrun edukitzen, baina tarteka lozorrotik esnatzen gaitu gerra-hotsak. Eta ez dakigu zer egin.

Otsailaren 24an –Ostegun Gizen–, eztanda izugarriak esnatu gintuen: Ukrainan sartua zen Errusia, hasia zen gerra. Bagenekien bazetorrela, baina ez genuen sinetsi nahi izan. Geroztik, egunero-egunero iristen zaizkigu hango berri ezin lazgarriagoak.

Hasiera hartan, bihotza hunkitu zigun gerrak. Erdiragarriak ziren irudi haiek, jendetza Ukrainatik uholdeka ihesi, umeak garraiatu ezinik. Zer erdiragarriagorik umeak negarrez eta amak ezinean ikustea baino, gizonezkoak gerran gelditzen ziren bitartean?

Gero, burua jarri genuen lanean. Historia-irakasle hark esaten zizkigun hitz sutsuak etorri zitzaizkigun gogora: «Dirua egon ohi da gerra guztien sustraietan. Arrazoi ekonomikoek pizten dituzte gerrak. Ez etsi arrazoi horiek aurkitu arte. Beste guztiak aitzakiak dira, propaganda, hitz hutsak».

Burua lanean jarrita, gero eta beltzagoa ikusten dugu panorama. Oso lur emankorra omen da Ukraina, urtean bi gari-uzta izan ohi dituena eta guztira 400 milioi pertsona elikatzen dituena, Europa, Afrika Iparralde eta Ekialde Ertaineko. «Ondo ari zarete –esango liguke Historia-irakasle hark–; segi arrasto horri».

Aurreko uztan bildutako 25 milioi tona labore –gari eta arto– omen daude oraindik Ukrainan kanpora atera ezinik, Odesako portua itxita. Eta uztaila –bihar hasten den hila– omen da hurrengo uzta biltzen hasteko sasoia. Baina non jaso alea, biltegi asko hustu gabe badaude eta beste asko gerrak txikitu baditu? Udako gari gehiena usteldu egingo omen da.

Azken batean, Ukrainako gariaren atzetik omen dabil Putin. Hori kontrolatu eta bereganatu nahi omen du, kosta ala kosta. Horren jaun eta jabe izanik, Lurraren puska handi bat izango omen du mendean. Ez dakigu nola bukatuko den gerra. Baina begien bistan dugu lehenengo ondorioa: herri bat txikituta. Eta bidean omen da bigarrena: gosea.

Orain arte, urrutiko lurraldeak kolpatu izan ditu goseak. «Kuarentaiunoan pasatu genuena!», esaten ziguten gurasoek. Noizbait hasi ginen hartaz jabetzen. Baina 'gosea' ia hitz hutsa izan da guretzat orain arte. Orain, agian, hitz hori esanahiaz betetzen hasiko zaigu. Eta, beharbada, bakealdiak ekarri ez duena ekarriko digu: goseak bizi diren lurraldeekin bat egitea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Uztaila, uzta-hila?