300 urteren buruan
BAI HORIXE ·
Zertarako jardun borrokan, helmuga hain urruti dagoela jakinda?Hain larria izan da munduaren bilakaera azken hamarraldiotan, ulergarria dela jendeak (zuk, nik, auzokoak ...) Nazio Batuei buruz duen iritziaren ezkortasuna. Ia edonork onartuko dizu are okerragoa litzatekeela egoera erakunde hori sortu izan ez balitz, baina, era berean, edonork daki Nazio Batuen hitzen erdia baino gehiago usteldurik sortzen dela, apenas duela eraginik munduaren hobekuntzan.
Eta halere, norbaitek bere jarrerei datuen indarra gehitu nahi dienean, Nazio Batuen zenbakiak erabiltzen ditu, oraindik sinesgarritasuna dutelako. Diagnostikoa egiterakoan Nazio Batuek sinesgarritasuna dute, ez hainbeste diagnostikoak adierazten duen egoera aldatzeko orduan hartzen diren neurriek. Hor, neurrietan, dute ahulezia Nazio Batuek.
Bada egunotan Nazio Batuek emakumeon eskubideei buruzko txosten bat argitaratu dute, hedabide gehienetan beste txirbilen artean galdu den notizia laburra izan dena. Bertan dio gizon eta emakumeon eskubide berdintasun osoak bide luzea duela, baldin eta daramagun erritmoa bizkortzen ez bada. Ate hori uzten du txostenak zabalik, berdintasunaren aldeko borrokak abiada bizkor dezakeela eta helmuga hurbiltzeko ahalmena duela.
Nazio Batuentzat, 300 urte falta zaigu gizon eta emakumeon eskubide berdintasunerako. Hamar belaunaldi baino gehiago. Horrek esan nahi du gaur bizirik gaudenok ez dugula horrelakorik ezagutuko, ezta gure ondorengoen ondorengoek ere. Zerumugara gaude kondenatuak, bultzatzera, jakinda etekina oso epe luzean gauzatuko dela.
Noski, historiak erakusten digu aldaketa txiki ugari behar dela aldaketa nagusi batera heldu aurretik eta, gainera, atzerabidea beti dela posible, ez dagoela betiko aurrerapausorik. Gaurko eta biharko edozein feministaren jarduna oztopatzeko adina.
Total, zertarako ahalegindu, zertarako egin borroka helmuga hain urruti dagoela jakinda? Bada, berdintasun osora heldu baino lehen, emakumeon eta gizonen bizitza hobetuko duten aldaketak lor daitezkeelako, osotasunera heldu baino lehen hamaika pauso eman behar direlako, hementxe bertan nahiz mundu zabalean. Biderik luzeenak ere lehen pauso bat duelako.
Seguru Nazio Batuek emakumeon eskubideei inguruan argitaratu duten txostenaren helburua ez dela, propio, feministak etsipenera bultzatzea izan, baina ondorio hori izan dezake.
Eta, txostenak dioen bezala, aldaketen abiadura bizkortuko bagenu, eta iragarritako 300 urte horiek 100 bilakatuko bagenitu?