Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Txirritaren itzala

Bai horixe ·

Txirrita aztiak igarri zion, nonbait, bere euskara baina jasoagoa behar zuela txapelketa hura irabazteko

Osteguna, 20 urtarrila 2022, 07:20

Comenta

Gaur 87 urte –1935eko San Sebastian egunez– ospatu zen, Donostian, Euskal Herriko lehen bertsolari-txapelketa. Egun biribil horietako bat izan zen. Bertsolaritzaren historian betirako seinalatua geratu dena.

Xehetasun asko dakizkigu orduan gertatutakoari buruz, Joseba Zubimendi idazleari esker. Kursaalen izan zen bertso-saioa, 'Poxpolin' aretoa jendez gainezka. Guztira, hogei bertsolarik kantatu zuten, hamahiruna bertso. Hiru ordu luze iraun zuen saioak; ordu biak jota amaitu zen.

Zubimendik berrogeita bost bertso argitaratu zituen; tartean, Basarri gazteak –hogeita bat urte bete berriak– kantatutako bertso dardaragarriak. Baina Txirrita zaharraren bertso bat geratu da betirako bertsolaritzaren historian, 'Limosnatxo bat' doinuaz kantatu zuena, jendearen algara ederrak eraginez:

Larogei urte gaiñean ditut, / nago anketako miñez. / Donostiara etorria naiz / erren aundia egiñez. / Bi bastoirekin txit larri nabil / pausorik eman eziñez. / Euskera ia aaztu zait eta / erderarikan jakin ez. / Maisu batekin eskolan laster / asi bear det latiñez.

Txirrita aztiak igarri zion, nonbait, bere euskara baina jasoagoa behar zuela txapelketa hura irabazteko. Jokoz kanpo zegoela bera han. Bazkalondoan berretsiko zuen susmoa, epaimahaikoaren erabakia jakitean: Basarri txapeldun, bigarren Matxin, hirugarren Zepai, laugarren Alkain.

Aurretik, elkarrekin bazkaldu zuten denek, bertsolari, epaimahaiko eta antolatzaile. Bazen han zer jana eta edana: arroza, legatza, arkume errea, ardorik eta sagardorik onenak, eta abar. Ez dakigu nola moldatuko zen mahaian Txirrita gizarajoa hortzik gabe. Zubimendik ez du halakorik kontatzen.

Sebastian Salaberriari esker dakigu zer-nolako bukaera eman zion Txirritak egun handi hari: Easo kaleko Bar Manolo-n, kaxuelkada bat tripaki miaztuz. Hortzik ez, tripakiak zail xamarrak eta mahaipera botatzen omen zituen, han zebilen txakur txuri txiki baten gozagarri. Eta alboan, bertsozaleak eta bertsolari egin xamarrak, denak Txirrita tentatzen. Eta Txirrita denei erantzuten.

Salaberriak honela amaitzen du egun hartakoa ('Neronek tirako nizkin', 58. or.): «Kursaalean ederrak kantatu ziren, baina han kantatu zirenak ez ziren batere txarragoak. Gu gauean, hamarrak aldean atera ginen etxe aldera, eta artean ere han gelditu ziren denak, zeinek baino zeinek ederragoak kantatuz».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Txirritaren itzala