Bi soineko zuri
Lehen jaunartzetako ohiturak eta hainbat ezkontzetakoak hurbildu egin dira
Auskalo zergatik, baina oraintxe joan zaigun maiatza lehen jaunartzeen sasoia da. Gizartearen bilakaera nondik norakoa den ulertzeko, nork bere adierazleak aukeratzen ditu. Hauteskundeen emaitzena izan daiteke bat. Baina lehen jaunartzeen bilakaera ere ez da kamutsa nolakoak garen iradokitzeko orduan.
Joan den mendearen bigarren erdialdearen hasieran etxeko neskei soineko zuria tokatu zitzaigun, gorputz estua, gona zabala. Mutilari marinel jantzia. Ez dut gogoan gure inguruan edo eskolan inork arau horri ihes egin zionik. Soinekoen edo marinel trajearen oihalak kalitate desberdinekoak izango ziren, jostunen trebezia ere ez zen kasu guztietan berdina izango, baina sasoi urrun hartan, gure inguruan, uniformea eztabaidaezina zen.
Handik hamarraldi gutxitara araua malgutu egin zen eta tunika zuriak jarri ziren modan, mutilentzat ere bai. Horrek ez zituen soineko zuri haiek edo marinel uniformeak erabat baztertu. Anitza izan zen urte batzuetan lehen jaunartzerako janzkera, kaleko arropa zibilak barne, batez ere mutilentzat. Parrokia batzuk derrigorrezkotzat hartu zuten tunika, baina eginbideak ez zuen luzaroan iraun.
Handik gutxira itzuli ziren eszenatokiaren erdigunera nesken soineko zuriak, baina gure uniformetik urruti. Pixkanaka, zuriak bai, baina helduon janzkerarekin antza hartu zuten soinekoek, andregai soinekoen antza hartzen hasi ziren. 'Emakumetu' egin ziren nesken soinekoak. Gehiegi, hainbat errotorerentzat. Berdin gertatu zen mutilen janzkerekin, 'gizondu' egin zituztela mutilak, gorbata jaka eta guzti, baina mutilen janzkerak ez du sekula neskenak duen garrantzia izan.
Oro har, lehen jaunartzetako ohiturak eta hainbat ezkontzetakoak hurbildu egin dira, opari zerrenda eta guzti, bazkari, musika eta guzti. Hori bai, ezkontzen gehiengoa ez zen, ordurako, elizan egiten eta lehen jaunartzeak, ezinbestean, bai.
Azken urteotan beste buelta bat eman zaio torlojuari: orain, hainbat lehen jaunartzetan, neskak bi soineko erabiltzen ditu, zuriak biak, bata diskretuagoa, apalagoa, elizarako eta bestea 'emakumetuagoa' bazkarirako eta festarako. Ezkontza distiratsu eta 'dotore'etan bezalaxe. Noski, eromen hori ordaintzeko dirua dutenek zabaldu zuten bidea eta atzetik joan dira ez duten dirua antzeztu nahi dutenak. Zergatik aberatsak bai eta guk ez.
Marraztutako bilakaera horrek gure gizarteari buruz dioena zehazteko lana, irakurlearen esku uzten dut.