Borrar

Parte onekoa

BAI HORIXE ·

Herenegun ere, zaharren egoitzak, amaren irribarrea eta aitona usurbildarra izan nituen gogoan. Eta Luis Otamendi

Osteguna, 7 urtarrila 2021, 07:03

Comenta

Noizbait, Errege-bezperako ume-festa iritsi zen herrietara ere. Andoainera, 1960 baino urte pare bat lehenago. Ordu arte, Donostiara joan behar izaten zuten egun horretan Erregeak ikusi nahi zituztenek.

Gogoan dut Andoaingo lehenengo aldia. Ordurako bagenekien gurasoak zirela Erregeak, baina horrek ez zion lilurarik kendu festa ikusgarriari. Hasteko, Goiburu aldetik ilunduta jaisten suak. Gero, herri osoa zeharkatzen hiru Erregeak, zaldi banatan, karameluak eta musuak banatuz, sekulako segizioa zutela aurretik eta atzetik, suziak eskuetan. Herria zeharkatu, eta ospitalera joan ziren, hango egoiliarrei opariak banatzera. Hura opari-festa! Eta, amai-tzeko, Goiko Plazan azken agurra.

Berrogeita hamar urte geroago, Donostian ginen Errege-bezperan, Intxaurrondon, Lamourous zaharren egoi-tzan, amarekin. Ustekabean, bozgorailutik: Erne! Erregeak egoitzan zirela, eta solairuz solairu ibiliko zirela egoiliarrei opariak banatzen. Ama ez zen ohartu. Ordurako, itzali xamarra zuen burua. Aldameneko aitona bati, berriz –usurbildarra zen; hark ere burua lauso–, «hori ez da parte onekoa» irten zitzaion auskalo nondik. Grazia egin zigun han ginenoi.

Gure solairura iritsita, Erregeek banan-banan eman zizkieten eskura opariak egoiliarrei. Amari, irribarre polit batek argitu zion aurpegia. Umetako ilusioaz oroitu nintzen. Aitona usurbildarra ere ez zen haserre.

Herenegun ere –urteotan Errege-bezpera bakoitzean bezala– zaharren egoitzak, amaren irribarrea eta aitona usurbildarraren «hori ez da parte onekoa» izan nituen gogoan.

Baina aurten, doinu berezia zerien aitonaren hitzei. Eta ez soilik 2020 urteagatik. Batez ere, Luis Otamendi adiskidearen heriotzagatik –eta nori ez zaio adiskideren edo etxekoen bat hil duela gutxi?–.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak informazio asko dakar hitz gutxitan 'parte oneko' sarreran. Hasteko, ezezko esaldietan erabiltzen dela. Gero, 'behar bezalakoa; parte txarrekoa ez dena' esan nahi duela. Eta, azkenik, adibide bat: 'erre usain hori ez zen parte onekoa'.

Nik neure aldetik –eta nork ez?– beste adibide bat erantsiko nuke, informazioa gaurkotuz: '2020 urtea ez zen parte onekoa izan'. Eta batek baino gehiagok erabiliko genuke 'parte onekoa' baiezko esaldietan ere, adiskide edo etxekoren bat gogoan; Luis Otamendi, adibidez. Izan ere, Luis ez bada parte onekoa izan, ez dago parte onik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Parte onekoa