Paradisu galdua
Bai horixe ·
Horretarako ditugu memoriak kontatzen dizkigun gezurrakBetidanikoa ez den gauza asko jotzen dugu betidanikotzat. Izan ere, sustrai luzeegiak ditu 'beti' horrek, zorrotz jokatuz gero ez baitago betiko ezer big-banga lehertu zenetik. Seguruenik, 'betikoa' esaten dugunean norberaren bizitza izaten da neurria, edo norberaren memoria, berezkoa ala txertatua.
Betikoa omen da ezkontzarako emakumeek soineko zuria eramateko ohitura. Hori esango dizu zuriz jantzita ezkontzen den emakumeak, ez dizu esango zuria gustuko duenik edo zuri horren esanahia zein den. Betikoa delako aukeratu duela esango dizu. Baina betikotasun hori gezurra da eta ez nik hori diodalako, baizik eta XX mendearen lehen erdian egindako argazkiek hori diotelako.
Betikoa omen da nork bere etxea erosteko joera. Ohitura horrek, ordea, ez ditu bi belaunaldi. Joan den mendearen erdialdean familia aberats asko alokairuan bizi ziren, alokairuzkoak ziren etxe dotore asko ere. Gure inguruan alokairuan bizi ziren ezagutu nituen pertsona gehienak eta gure gurasoei ez zitzaien sekula santan burutik pasa etxe bat erosteko gai izan zitezkeenik, etxera bi soldata sartzen baziren ere, amarena eta aitarena. Amets izatetik errealitate bihurtzera heldu ez zen asmoa hilobi bat erostea izan zen, ez etxe bat. Alokairuan bizi, alokairuan hil.
Era berean, berriak iruditzen zaizkigun gauza batzuk ez dira berriak, hala nola langile pobreak edo patera pisuak. Langile pobreak arau ziren gure inguruan, ez salbuespen. Halaber, gure etxeko azken pisuan bizi ziren etorkinen kopuruak harritzen gintuen txikitan, nola zen posible hainbeste jende sartzea komunik ere ez zuen pisu txiki hartan. Etorkin horiek, ordea, urte gutxiren bueltan aldiritara joaten ziren, pisua erosita, guk betiko pisu alokatuan bizitzen jarraitzen genuen bitartean.
Gaizki ulertu horien gakoetako bat paradisua iraganean kokatzetik dator. Pompeu Fabra Unibertsitateak argitaratu berri duen txostenak dio indartsuagoa dela joera hori zaharrongan eta, bereziki, ideologia kontserbatzailea duten pertsonengan. Ulergarria da, paradisu hura diktadura ankerra izan zela kontutan izanda ere. Ez baikintuen guztiok berdin zauritu diktadurak, orduan ere bazegoelako zaurigilerik eta zauriturik.
Horretarako ditugu memoriak kontatzen dizkigun gezurrak, horretarako bultzatzen gaituzte zahartzaroan atzera begiratzera, dagokigun kontsolamendu bakarra iraganean balego bezala, ez orainean, are gutxiago etorkizunean. Beti izan omen da horrela.