Borrar

Agur, san martiñak eta san romanak

Zer polita, bertsolariak kulpituko sermoi-lekutik ari dirala, jarraulkietan elizaren bueltan, baillarako aiton-amonak begira billobatxoekin, epel-epel!

Viernes, 1 de diciembre 2023, 01:00

Comenta

Oartu geranerako, joan zaizkigu san martiñak eta san romanak.

Alegia, gure Aiako auskalo noizko bi auzo zaar oietako urteko jaiak. Gure Urdanetako San Martin aitatu izan det nere lan onetan. Altzolako San Roman, ez askotan, bearbada.

Urdaneta eta Altzola, Gipuzkoako Aiako bi auzo. Urdanetatik Altzolara, kilometro eta erdi inguruko bidea egongo da. Pixka bat baso alderago da Altzola, pixka bat ezkutuago. Urtean zear, aspaldi aietan baiño ospakizun gutxiago izaten da bertan. Zer egiten duen urrutietako eta errepide modukoaren bukaeran egoteak auzo bat! Baillara esan oi genuen. Urdanetari, pixka bat bizibide geixeago ikusten diot nik. Zarautzera autobide ona, Pagoeta mendira ere irteera obea, eta abar. Baiña kontuz! Ez diot ezer kendu nai Altzolari. Bertako oroitzapen polit bat ere bai bait det. Amasei urte nituen eta trikitixa-dantzan aprobatzeko gogoa. Baiña ez gure betiko Urdanetan, danak enteratuko zirala eta. Izan ere, baserritar petoak giñan, nunbait.

Urrutian eta aal zan lekurik ezkutuenean trikitixa-proba ere. Alegia, auzoan; etxean-eta ez zezaten azkar jakin neskekin dantza egin genuela. Ba, diodana: san romanetan, Altzolan. Zortzi egun leenago, san martiñetan, Urdanetan ausartu ez, eta zortzi egunera Altzolan, Sakabia soiñu-jole zala. Naiko ondo moldatu omen giñan. Ala esan ziguten neska bikote aiek. Seguru baietz. Bestela ez giñan alperrik entrenatzen, koartoko armarioaren ispillu aurrean, gauean oera joandakoan. Ene! Zer txorakeria jartzen ari naiz? Baiña guzti auek egiak dira. Zer uste dezue, ba? Entrenamenduak, ezkutuan; eta leenengo plaza-dantza ere, Jainkoa zaldi gaiñean-edo pasako zan leku artan. Baillara bakoitzak bazuen bere plaza pelotalekua, urteko jaietan erromeriak egiteko. Gaur ez dakit nola egongo diran pelota-plazatxo aiek. Baiña badirudi naiko ondo egongo dirala. Baita Altzolan ere. Ala esan zidan Zarautzen, San Roman egun berean (joan dan 18an), aitona Fermin Manterola adiskideak:

–Giro ona ditek Altzolan ere, San Roman egunean, erromeria plaza xaarrean egiteko. Giro txarrak balira, elizan egitekoak omen zizkiten dantza-erromeriak. Asko gustatu zitzaidan, lagunok, aitona Fermiñek zioena. Zer polita, jarraulkiak eta sillak baztertu, eta garai bateko don Joan zaarrak ainbeste meza emandako aldare aldean musikariak dirala! Zer polita, bertsolariak kulpituko sermoi-lekutik ari dirala, jarraulkietan elizaren bueltan, baillarako aiton-amonak begira dirala beren billobatxoekin, epel-epel! Oso polita litzateke ori guztia, lagunok. Romantxok ere alde ederreko aurpegia jarriko zukeen. Neri gustatuko litzaidake elizatxo polit oiei alako zerbitzu bat ematea. Garai batean igandero inguruetako jendearekin betetzen genituen eliza oietan, auzoaren bearrezkoa litzakeen zerbait ospatzea. Ekitaldi batek ez du zertan izanik ostatu batean, eliz atari batean, plaza xaar batean. Mendiko elizak ere, bertako jendearentzat egiñak diranez, bertako bearretako usatu, errespeto guztiarekin.

Ezin det gauza bera esan errietako eliza aundiengatik. Egunero jendearen joan-etorria bait dago beraietan: igandeetako mezak, entierroak... Or adura aundia bear du. Txukunak egon bear dute. Prestakuntza, itz baterako. Baiña mendialdeko elizatxoak, urtean gutxitan irekitzen diranengatik diot. Nere ustez, egoki legokeela usatzea baillararen onerako. Berriro diot, errespeto guztiarekin. Ea, ba, ausartzen geran eta animatzen, gauzak egoki egiteko. Eta ondo pasatzeko, jakiña. Albiste auxe ere eman zidan, leengo San Roman egun berean, Zarautzen bertan, Eroski aurrean ONCE itsu-elkarteko kaiolan egoten dan Joxe Angel adiskideak: Altzolan San Roman jaietan dantzan zebillenen bat, ondoezak arrapatu eta illik geratu zala dantzalekuan, aspaldi. Ez nuen orren berririk. Beraz, gogorantzan lagun naute bere familiakoek. San Roman jai gogoangarriak izango ziran Altzolarako ere.

Leentxeago aitatu det kulpitutik bertsolariek egoki emango luketela. Ba, begira. Bertsolari batzuei entzunda nago bertsotarako izan duten lekurik onena eliza izan dutela. Isiltasuna, eta indarka kantatu bearrik ez. Ez da zailla ulertzen.

Ene ba! Zenbat urte ote dira geuk iru aiarrek ere San Roman egun bateko meza nagusian eta aldarean bertso batzuk kantatu genituela! Lertxundi, Otamendi eta irurok. Amaiketako ederra eman ziguten, beintzat. Eskerrik asko. Eta mezaren ondoren, don Ramon apaizak isilkako keiñua egin eta sakristiara deituta eman zigun ardo goxo basoerdi ura... Ura ez uan askoz txarragoa. Don Ramonek iru basoxka ardo goxo gutxiago.

Ba! Ez zan galduko, ez... ONCE itsu-elkarteko kaiolan dagoen Joxe Angelek kontatu zidanez, trikitixa soiñu-otsik ez omen da falta izan Altzolan aurten ere, Alabiertarrak eta Lajatarrekin. Joxe Angel baiño berriemaille obeagorik! Egunero pare bat berriketa-saio egiten dituk bere leio aurrean. Aupa Altzola eta San Roman. Laster elizan ere, trikitixa broman-broman. Aupa zuek!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Agur, san martiñak eta san romanak