Munduak eta nik urteak bete
Mundua' esaten diogun gure bizileku onek urte bat geiago badu atzotik. Edo gure konta-mugetatik. Zenbatgarrena ote du? Gizakia galanki ikasia izango da. Or ez det zalantzarik jartzen. Aurrerapenak ere badirudi mugagabeak eta geldieziñak dirala. Baiña gure kiosko zabal onek zenbat urte dituen jakiterako, berak dituen ainbeste urte pasako diralakoan nago.
Badakit esango dezuela batek baiño geiagok:
- Ba! Baserritar onek esateko ez dek asko ori. Beno, beno!
Eta itxura batean, arrazoia daukazue. Baiña ez aaztu onako esaldi zaar au: «Ezer ez dakienak dana esaten dik. Eta dana dakienak ez dik ezer esaten».
Baiña nik neronen urteekin badet naiko lan. Gaurtik aurrera, bat geiago bait det bizkarrean.
Itxurak egiteko-edo, galdetuko didate:
- I. Zenbat dituk?
Erantzuna, danentzat berdiña daukat:
- Irurogeita amar, eta danak.
Gero, zorionak ematen asten da jendea. Ori bait da merkeena. Zera, urrutitik:
- Aizu, zorionak. Ez dezu ematen urteetan gora zoazenik. Txoliña alakoa! Obe, gerri-gerritik elduta, musu bero-bero bat ematea baiña.
Iñork ez dit esaten:
- Aupa, i, aspaldiko. Goazemak. Kafe bat artuko diagu. Gonbidatzen aut.
Edo:
- Aiba, i, botilla bat ardo.
Bai, zera! Dana, kunplimendurik merkeena. Gaiñera, zorionak emate egokia izango litzateke, bein berrogeita amar urtetik gora, berriro gutxitzen asi ezkero urteak: bat gora egin bearrean, bat beera. Eta orrela, amazazpira-edo jeitsi arte. Ori bai. Ori zoriontzekoa izango litzateke. Baiña bizitzari miraririk ez diogu eskatuko, badakigu ez digula egingo eta. Eman diguna eskertu, besterik ez dagokigu. Eldu diogu, bai, 2020ari. Eta aal badegu, ez diogu laga bear. Jakiña, berak ere ez gaitzala laga bide erdian. Baiña oraindik, eldu bakarrik egin diogu urtarrillari, ilbeltzari: bi, zero, bi, zerori. Nere adiña dezuen askori galdetzen dizuet: «Gogoan al dezue 1956ko ilbeltza?».
Otsaillarekin, bai, danok gogorauko zerate, illabetean elur eta jelapean egon giñalako. Baiña ilbeltza oso-osoa, udara asko baiño udaragoa izan zan. Pentsa: gure baserrian, Izetan, soro-barren batean pagotxa ebaki eta ondoa simaurtu zan. Ilbeltzeko pagotx-ondo simaurtua, otsail osoan, zuri egon zan elurpean. Baiña aurten ere pozik artuko genuke 1956ko bezelako urtarrilla, orain esaten dan bezela. Urtarrilleko udaldia bait zan ura. Baiña ez ondoren jasan bear izan genuen illabeteko elur eta jelate ura. Alakorik ez genuke berriz ezagutu nai.
Ordurako, piñudi sail aundiak ziran landatuak gure alderdietan. Piñu azitxoak ere bai, baziran. Baiña illabeteko jela beltzak ez zituen errespetatu piñu gazteak eta aziak. Urtarril epel artan eraiki zitzaizkien gorakako punta mardulak, aur jaioberriak ainbeste kulpa ez zutenak, bertan beera geratu ziran. Piñuaren kolorea berdea bakarrik zalakoan geunden. Ba, ez. Piñu gazte guztiei kolore marroia jarri zien zalako jelate beltz ark. Orain galdetu lezake edonork: «Eta gero sendatu al ziran piñu gazteak?».
Ez, lagun, ez. Aiek sendatu eta kolore berdera ekarrarazteko botikarik ez du mundu zaar onek oraindik. Baso-mutillek berriro eraso bear izan zieten mendi garbiketa-lanei. Danak moztu, zuztarrak atera, berriro ondoak aitzurtu eta landare berriak jarri, leengo sailletan. Ori zan egin bear izan zana.
Eta orduan berriro landatu ziran piñudiak orain botata daude, beren bizialdia emanda. Zer azkar dijoan guztia! Geroztik ere, mendiak eta mendiak piñuz landatu dira. Ori omen zan Euskadin egin bear zana. Ni ez naiz ausartzen bai edo ez esaten. Orain dauden piñudietan ere bai omen da arazoa: marroitu egin dirala zenbait lekutan. Orduan, elurteak eta jelateak iartu eta marroitu zituela badakigu. Nik ez dakidana da gaur zerk marroitzen ote dituen. Baiña piñuarentzat bakarrik ez zan izan gogorra 1956ko otsailla. Geuretzat ere gogorra izan zan. Badakizue zertaz arduratzea zan lanik garrantzitsuena etxeko guztiontzat? Sukaldeko arraskako iturria ez ixtea iñork. Erreza ematen du. Baiña norbaitek ixten bazuen, ordu-laurdenerako atariko ur-tuberiak jelak ixten zituen. Izan ere, ala moduzko tuberiak ziran. Eta agerian ere bai asko.
Baiña begira. Lur-axalean edo bistan egoteak ere bazeukan bere alde ona. Lastairako ondoari sua eman eta ur-tuboak joaz-joaz jelak urtzen genizkien tuberiei. Eta ez pentsa tubo-beroketan izerditzen giñanik. Pentsa gauean oeratzea zer izan zitekeen, iturria itxita. Ez sukaldeko gorabeeratako bakarrik. Ukuillua bete ganadu eta baldeetan ematen zitzaien ura bakoitzari.
Aurrena eman zitzaiona bapo egarritua izaten zan, berriz bere txanda iristerako. Zergatik? Etxeko belar ondu leorra zutelako janaria. Tarteka, nolabait arbia sorotik ekarri arren, ura ere jela urtzen eduki egin bear zan ukuilluan, simaurraren epeltasunez. Elurrak eta jelak joan ziranean, soroko arbi usteldu gabeek tipulak zirala ematen zuten. Orriak desegiñak bait zeuzkaten. Iru egunez bein, beor gorriarekin kalera esnea ere eraman egin bear, gutxi bada ere. Eta bezeroak zai-zai. Nola ez, gajoak! Urte guztian, gu esne-bezeroen txanponen zai. Eta elurte artan, urte guztiko bezeroak esne-tantaren zai.
Elurtea elurte eta kontuak kontu, etorri zaigu 2020 au ere. Eta ari gera urteak betetzen.
Badijoaz aizete
eta elurteak.
Ez gaitu, ez, kezkatzen
txarrak joateak.
Garai desberdin asko
ditugu beteak.
Goza dezazkigula
dauzkagun usteak
bi milla ta ogeiko
diogun urteak.