Borrar

Letra ezin larriagotan

Bai horixe ·

Ez ditut sinesten –ezin dut– alde bateko biolentzia bakarrik kondenatzen dituztenen hitzak

Osteguna, 11 martxoa 2021, 07:28

Comenta

Gaur zortzi, toki honetantxe, 'Letra larritan' izenburua jarri nion zutabeari. Eta azpian, berriro ere zulora goaz, nioen. Egoera honek badu erremediorik; baina, martxa honetan, guk ez. Gaurko osasun-egoerari buruz ari nintzen, jakina. Ba ote darabilgu beste gairik? Baina, azken momentuan, ezabatzeko zorian egon nintzen.

Ordurako, berriro ere kalean zen Mikel Zabalzaren kasua. Ez naiz xehetasunetan sartuko. Bi egun lehenago, egunkari honek berak zekarren Nafarroako Legebiltzarrak bezperan –martxoaren 1ean– aho batez egindako eskaeraren berri: iker dadila astebete lehenago berriro plazaratutako audioa. Audioak elkarrizketa lazgarri bat jasotzen du, Pedro Gómez Nietok –Guardia Zibileko kapitan ohiak– eta Luis Alberto Perotek –Cesid-eko koronel ohiak– Zabalza hil berritan izandakoa.

Egunkari honetan, pasarte batek jasotzen zuen elkarrizketaren muina. Gómez Nietoren esaldi bakarrean laburbil daiteke: Eskuetatik joan zaie interrogatorioan, bihotza geldituta, buruan jarritako poltsagatik.

Ezin lazgarriagoa da elkarrizketa. Erraz eskura dezakegu internetez; hainbat lekutan dago. Oso erraz aurki daiteke, baina nekez –oso nekez– irakurri edo entzun. Bide batez esanda, Lasa eta Zabalaren hilketarena ere badakar. Gogoan betiko geratzen den pasarte erdiragarri horietako bat da. Horren aurrean ez dakigu zer pentsa guardia zibilaren hitzei buruz: funtzionario baten hitzak diren ala torturatzaile profesional batenak.

Joan den astean, irakurtzerakoan, buelta eman zidan barruak. Ordurako idatzia nuen 'Letra larritan' zutabea eta ezabatzekotan egon nintzen. Hitz hutsez betea iruditu zitzaidan. Letra larriak, guardia zibil haren hitz zulagarriak merezi zituzten. Azkenean, zegoen zegoenean bidali nuen egunkarira, eta astebete itxoitea erabaki nuen. Ez nuen sutan idatzi nahi.

Sutan dut barrua, astebete geroago ere. Are gehiago, jakinda zer gertatu zen kasu hori epaituz izandako juizioan: audioari ez ziotela probaren baliorik aitortu, grabazioa ez omen zelako behar bezain ona. Sinestezina! Urteen joanean hobetuko zen.

Alde banatara begiratuz, letra ezin larriagotan idatzi nahi nuke. Ez ditut sinesten –ezin dut– alde bateko biolentzia bakarrik kondenatzen dituztenen hitzak. Biolentzia erabat kondenatu gabe, ezin izango dugu ezer taxuzkorik egin: ez iraganik kontatu, ez orainik gozatu, ez etorkizunik eraiki.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Letra ezin larriagotan