Gau eta egun, lapurrek kezkatzen gaituzte. Etxean, kalean, garraio publikoan, dendetan, are elizan. Esaten digute adi egon behar dugula, edozein momentutan izan dezakegula alboan zerbait lapurtuko digunik. Etxean lapurrak sar daitezke baina, are gehiago, etxea bera lapurtu dezakete. Esaten digute erosketak egitera zoazenean edo egun pare batez etxetik kanpo zaudenean, itzultzerakoan okupak izan ditzakezula etxean, zure etxearen jabe bihurturik.
Publicidad
Jartzen ditugu sarraila bikoitz edo hirukoitzak, ate blindatuak, kamerak, era guztietako alarmak, kateak, amaierarik ez duen lasterketa batean. Kalean poltsak kateatuak eramaten ditugu, alboan daramagun adiskideak esaten digu poltsaren kremailera itxi gabe daramagula, kutxazain batetik dirua ateratzera goazela ingurura begiratzen dugu, bizkar gainetik. Lanerako erabiltzen dugun ordenagailua edo sakelako telefonoa lapur zuloak omen dira.
Iruditzen zait ez dudala iraganean era horretako zabalpena izan duen beldurrik ezagutu, ezta garairik okerrenetan ere. Orain irakurtzen dut lapur asko, dendetan lapurtzen duten pertsonen artean gehiengoa, mende erditik gorako emakumeak direla, ez gaztetxo arduragabeak.
Gogoan dut, joan den mendeko erdialdean, gure amak esan zuela denda berri bat zabaldu zutela Donostian, beste dendekin antza ez zuen saltokia. Amarekin ezagutu nuen lehen supermerkatua eta han, apalategi oparoen artean atzera eta aurrera ibili ginen, ezer ukitzera ausartu gabe. Esango nuke Gros auzoan izan zela.
Bada supermerkatu aitzindari hartan, apalategiak baina gorago, bulego kristaldun bat zegoen, denda osoa begi bistan zuena. Halako batean, bozgorailu baten bidez, balizko bezeroen arreta eskatu zuten eta han jarri ginen guztiok bulego kristaldunari begira, elizan aldareari nola Gizon bat zegoen bertan, eskutan mikrofonoa eta aldamenean berrogeita hamar urte inguruko emakume bat. Bozgorailuak esan zigun emakume hura lapurretan harrapatu zutela.
Publicidad
Han zegoen emakumea, sentitzen eta eragiten zuen lotsaz blai. Berehala irten ginen handik, agian huskeriaren bat erosi ondoren eta kalean amak esplikatu zigun gerran emakume «gorriak» horrela jartzen zituztela jendaurrean, ilea larru-arras moztua eta errizino olioaren eraginez beherakoari ezin eutsirik.
Agian sasoi hartan ez zegoen hainbeste lapur edo agian ez genuen guk lapur zitekeen gauza asko eta horregatik ez ginen lapurrez hainbeste kezkatzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión