Iritziz aldatu
Bai horixe ·
Esker onez gogoratzen ditut bidea zuzentzen edo zabaltzen lagundu didatenakDuela gutxi irakurri dut Saramago Nobel saridunaren esaldi bat. Idazleak esan omen zuen (ez dakit noiz edo non) aspaldian ez zuela inor konbentzitzeko ahaleginik egin ez egingo, ahalegin hori bestea kolonizatzearen pare delako. Ez dakit esaera benetakoa den ala ez, baina niri zer pentsa eman dit.
Uste dut ni erraza naizela konbentzitzen, prest nagoela neure iritziak aldatzeko, baldin eta arrazoiaren bidez bada. Hezitzaile lanetan jardun behar izan dudanean, haurraren laineza edo kasketa baten aurrean, esan izan diot mainek ez nautela konbentzituko, arrazoiak bai. Bota zure arrazoiak, esan zergatik nahi duzun gaur arratsaldeko bigarren izozkia eta konbentzitzen banauzu, erosiko dugu. Bestela, jarraitu lasai kasketarekin.
Agian ideiaren bat defenditzeko dituzun arrazoiak azaltzea ez da, berez, bestea konbentzitzeko ahalegina eta Saramagok ez lidake errietan egingo horretan harrapatuko banindu, ez ninduke kolonizatzailetzat hartuko. Iruditzen zait ni konbentzitzen ahalegindu gabe konbentzitu nautela askotan, naizenik ere jakin gabe, zorionez konbentzitu ere eta horrelakoetan ez naiz kolonizatua sentitu izan, aberastua baizik. «Kutsa nazazu» dio kanta ezagun batek.
Hotzikarak sumatzen ditut haurtzaroan edo gaztaroan, are helduaroan, nituen iritzi batzuk berrikusten ditudanean.Harritu egiten naiz eta, batzuetan, baita hunkitu ere. Eta, horrekin batera, esker onez gogoratzen ditut bidea zuzentzen edo zabaltzen lagundu didaten pertsona ezagun edo ezezagunak, itsukeriaren bat sendatu didaten liburuak, hitzaldiak, artikuluak.
Beti iruditu izan zait penagarria gaztetandik edo haurtzarotik aldatu ez dela dioenaren harrokeria. Horrelakoetan ez dut ezer esaten, isildu egiten naiz, baina pentsatzen dudana adierazteak zerbaiterako balio duela pentsatuko banu, galdetuko nioke zertan eman dituen azken hamarraldiak, zertan eman duen bizitza, galdetuko nioke nola ez duen hainbeste denboran ezer ikasi, ezer aldatu.
Argazkiren batekin gertatu izan zait antzeko zerbait. Norbaitekin aspaldiko argazki bat ikusi eta hark galdetu ni ote naizen irudi hura. Ni nintzen erantzun izan dut, beti ere zahartzeak edertasuna lapurtzen dizula dioen pentsaerari gutxienez pitin bat amore emanez. Nintzen haren gehiena gaurko nian egongo da, baina ez guztiz.
Abantaila hori badu urteak betetzeak, denbora luzeago duzula pentsatzen edo sinesten duzun hori fintzeko, egokitzeko, konpontzeko.