Zapla
Beldurra-lotsa-erreparoa edo zer kakatzar den isilarazi gaituena. Txt. Zer den hori. Kalean gertatzen dena norena ote den
Lainorik gabeko zeruek ere egiten dute euri. Eguzki argitan, espero ez ditugunean, euri-tantak sudurraren bueltan somatu eta gora begiratzean zerua urdin ikusten dugunean, «Ze arraio!». Eguzkiaren euria esaten omen zaio. To, oporraldi euritsuko argi-uneari bustia. Txistea dirudi. Baina gertatzen da. Pozik negar egitearen parekoa. Badu bere xarma ere. Irribarre lapurtuek urrea balio dute. Guztiak ez du, gainera, nonbaitetik etorri beharrik. Edo guztiak ez du zertan gure begietara izan. Bada, badago, izan haize, aire edo ezpain arteko putz leun bat. Bistan da, alferrikakoa da euriari negar egitea. Ateri denean ere, busti egingo baikaitu. Zerbaitek.
Demagun Ezkarain (Ezcaray idatzi beharko nuke, baina hain aurkitu dugu euskaldun, hain euskaradun, Euskal Herriko herri gutxitan entzungo da Ezkarain beste euskara kaleetan. Han ere etxean auskalo, baina kaleak... Ezkaraitik gehiago du Ezcaraytik baino) gaudela, euri-uneen arteko eguzki-tarte zelebre horietako batean. Kalean. Eguraldiak desitxuratutako mendi-bueltaren ostean. Demagun adin oso txikiko bi umerekin. Demagunik gabe (hipotetikoan balitz! Eta, hala ere...) zapla! eman dio. Behin, bi eta hiru aldiz. Ondo entzuteko moduan. Zapla. Ondo ikusteko moduan. Zapla. Gure aurrean. Zapla. Gu begira gaudela ohartuta. Agian horregatik. Gu begira gaudela ohartuta. Zapla, zapla eta zapla. Hiru zaplazteko. Aurpegian eta buruan. Gogoz eman ere. Beste hiru pertsona ditu inguruan zapla eta zapla esku-solte aritu denak. Zapla, txt txiki bat atera zait. Zapla, txt txikia kolkoan behera joan zait irristan. Zapla, txt txiki-txiki-txikia lainorik gabeko euri bihurtu da. Ezerez. Irrigarri. Hain egoera bortitzean. Entzun ez den txt bat esan dudala eta zintzilik gelditu da neure buruarekiko autojustifikazio urkatua. Ez dakit zer egin semearen begiradarekin. Bi begi inorako geratu da. Eta ni isilik. Halakorik ez dela egin behar esanez. Semeari. Semeak, ordea, jakin badaki halakorik ez dela egin behar. Zergatik ez diozu ezer esan? galdetu diot bikotekideari bazkalorduan. Bote eta errebote egin du galderak haren ezpainartean. Eta jolasik gabeko solasak ekaiztu du euri giroa: Beldurra-lotsa-erreparoa edo zer kakatzar den isilarazi gaituena. Txt. Zer den hori. Kalean gertatzen dena norena ote den. Zergatik esaten diegun seme-alabei lekuko garenean izaten jakin eta asmatu behar dugula. Zer egiten dugun helduok. Elkarrizketan sartu da semea: Zergatik begiratu digu horrela zakur gaixoak? Hortxe euria lainorik gabeko zeruan.