Bost. Bost diputatu. Bost diputatu bakarrik. Bost. Hirurehun eta berrogeita hamarretik. Bost. Ehun azalduta ere masailak lotsaz gorritzekoa litzateke. Herena baino gutxiago lirateke. Asko, baina gutxi. Ez dira ehun azaldu. Bost. Bost diputatu. Bost diputatu bakarrik. Epelak esatera joan da Unzué. Epelak eta bi esan dizkie. Unzuék. Futbol jokalari eta entrenatzaile oihak. Pentsa, Unzué beharrean, zu eta ni joan izan bagina. Kongresura. Herritar ororen hitza (eta belarria) biltzen den tokira. Unzué joan da eta bost diputatu azaldu dira. Bost. Bakarrik. Gainerakoak azaldu ere ez. Bizkarra ematea ere ez da hori. Hori burutik behera kaka egitea da. Kongresuan. Hirurehun eta berrogeita bost diputatu. Kiratsa galanta dario guztiari.
Publicidad
ELA gaixotasuna du Juan Carlos Unzué iruindarrak. 2020ko martxoan eman zuen bere gaixotasunaren berri. Ordutik ozen, tinko eta indartsu ari zaio oihartzun egiten gaixotasun krudelari. Badaki maila ekonomiko pribilegiatu batetik ari dela erantzuten egoerari. Eta horrek (diruak) eragin zuzena duela gaixotasuna bizitzeko (gaixotasuna bizi ez duena hil egiten baita. Hil. Hil. Hil. Bizirik hil) orduan. Gardena da horretan, zintzoa, eta horregatik, agian, ahalegin berezi hori, gainerako gaixo guztiei zor diela sentitzen duelako. Duintasunez hil aurretik duintasunez bizitzeko eskubidea dutela adieraztera joan da. Kongresura. 2022ko martxoan, duela ia bi urte (bi urte), aho batez (aho batez) onartu zen lege proposamena. Oraindik ez dute legea izapidetu. Ipuin gaizki bideratu bat kaxoian hautsak hartzen duen eran dago abandonatua. Baina ez da ipuina. Ia bi urteko denbora tartean 2.200 pertsona duintasunez bizitzeko aukerarik gabe hil dira. Lotsa behar da gero. Lotsarik sentitzen ez duenak baina, lotsari aurpegia eman diezaiola behintzat. Gainerakoan, lotsagabekeria galanta.
Bost diputatu nahikoa direla esan dute askok. Nahikoa behar lukete aurretik lana ondo egina egon izan balitz. Kasu horretan, ez bost eta ez sei. Unzuék eta taldeak ez zuten joan beharrik izango. Nago denbora hain gozakaitz dutenek nahiago dituztela bizi-printzak Kongresuan baino beste edonon goxatu.
Hau idatzi bitartean, barruak ez ditut lasai ordea. Unzué Unzué izan ez balitz, ez dakit albistea egunkarietan azalduko litzatekeen. Eta are okerragoa dena, Unzué Unzué izanik, eta egunkariek albistea jaso duten moduan jasota, bikotekidearen aita ELA gaixotasunez hil ez balitz, ez dakit albisteari erreparatuko niokeen. Zer pentsatua ematen du. Horrek ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión