Borrar
Egin kontu

Rojo y amarillo

Bakarren batek barkamena eskatuz zoriondu ditu

Osteguna, 24 abuztua 2023, 07:17

Comenta

Castroko malekoian kale saltzaile bat dago futbol taldeen kamisetak saltzen. Berak Athletic-eko kamiseta darama soinean; badaki zerbait estrategiez: Castron dago, geografia jakitea baino garrantzitsuagoa da joan-etorrian nor dabilen aztertzea. Pasian dabilen bat hurbildu da saltzailearengana eta, hara-hona begiratu eta ikusi ez duenez, ea Espainiako selekzioko kamisetarik baduen galdetu dio. Saltzaileak ezetz egin dio buruaz. Saltzaileak ezetz eta irribarre. Saltzaileak esan dio Espainiako kamisetak balitu, denbora gehitxo pasa beharko lukeela, bertan ximel, beste norakorik gabe. Saltzaileak badaki bai, estrategiez. Eroslea (ezin jakin bilbotarra, bizkaitarra, euskalduna, Euskadikoa, Euskal Herrikoa, Espainiakoa edo mundutarra den) esku hutsik joan da.

Esku hutsik gelditu zen orain dela hogeita bost urte amari galtzerdi gorri batzuk eskatu zizkion umea ere. Borobiltxo horiak zituzten galtzerdi gorri haiek. Amak ezetz, rojo y amarillo... eta umeak atzetik caca de chiquillo.

Neskatilek, nonbait, ez zuten kakarik egiten artean eta futbolean ere ez ziren jolasten. Gutxi batzuk ginen mutilen artean eskolako patioa guretzat hartzen genuenak. Jolasten hasterako hasi ziren, ordea, jokatzen, eta izerdi, listu, negar, ahalegin, borroka eta irri, barre, algara, gozamen eta plazer bidea lorpen bihurtu dute: Irene Peredes, Oihane Hernández eta Espainiako Futbol Selekzioa osatzen duten gainerako taldekideek Munduko Futbol Kopa irabazi dute. Gutxi batzuek puta Españaka erantzun diote kirol maila bikaina erakutsita Munduko Futbol Kopa eskuratu duen taldeari. Gehienak isildu egin dira (nor bere etxean... ezagutzen dugu pelikula... Etxebeste oporretan!). Inor gutxik adierazi du poza. Bakarren batek barkamena eskatuz zoriondu ditu, Irene bizilaguna eta taldea neskez osatua dela eskusatuz.

Gaia (gai hau ere) konplikatu (kakaztu) egiten dugu. Eta bai, zilegi da (eta eskubide), jakina, euskal selekzioaren aldeko aldarria eta lan-bidea, baina (bai, baina)... Askotxo isilean, atzetik, erdizka, ezkutuan aitortzen (ni ere poztu naiz, nik ere zuk bezala pentsa-tzen dut, ez dago eskubiderik...) duen herria, emozio eta sentimenduei haginka, emozio eta sentimenduak mutilatuz, emozio eta sentimenduak inposatuz bizi dena, ez da inoiz osasuntsu haziko. Penaltien txandan gorrotoak gola sartzen digun bitartean, herri honek ezer irabazi ez, eta oinarrizkoena galtzen jarraituko du. Eta hau pena!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Rojo y amarillo