Ustekabean harrapatu gintuen festa hasierak pasa den larunbatean. Ez nuen gogoan larunbatetik larunbatera izaten dela artillero dale fuego. Eta gu larunbatak harrapatu hondartzarako gogoz. Donostia. Udaletxe aurretik igaro eta kanoiaren prestaketa ikusi genuen arte ez ginen ohartu... festak! Agian gaur hasiko dira?
Publicidad
Udaletxearen atzeko aldean bi gazte jator kabina luzanga moduko batean etorri-etorri, lasai, begiradarekin gure gogoa erakarriz. Inor ez zegoen eta hurbildu egin ginen gu. Pultseratxo bana opari. Umeak pozarren. Txapa ere har dezakegu? Eta pegatina ere bai, nahi izanez gero. Umeak pozarren. Donostiatik etxera opari eta guzti. Indarkeria sexistarik ez!!! Festetan ere aske! Eskumuturrean deiadarra harridura ikur eta guzti. Donostiara nondik iritsiak ginen galdetu ziguten. Iruñetik, guk. Errukiz begiratu ziguten, bekozko. Asko dakizue zuek honetaz. Behar baino gutxiago, guk bueltan.
Kontzientziazioa-prebentzioa-interbentzioa. Jantzi genituen pultserak. Eta kontatu genien haurrei hau eta beste. Indarkeria, sexismoa, festa eta askatasuna. Hizketarako balio izan zuen eta gaitz erdi! Baina ez dakit, ez dakit.
Kontzientziazioa-prebentzioa eta interbentzioa ezin dira festarekin hasi eta festarekin bukatu. Kabina luzanga modukoak, pultsera oparitzeak eta kon- tzentrazioak ezin dira inondik inora festarekin batera hasi eta are, ezin dira inondik inora festa garaiarekin bukatu. Bestela, horixe gertatzen da, erasoa Iruñean, Baionan, Gasteizen, Getarian, Donostian eta Bakion. Kontzientziazioa-prebentzioa-interbentzioa hirukoari laugarren bat gehitzekotan gara orain: aurreikuspena. Ikuspuntu erabat negatibotik. Neurria zigor bihurtzeraino. Festetan ere aske! Ez dakit ba, ez dakit ba.
Festa eguna baino hiru aste lehenago zabaldu da berria. Beste batzuetan gertatu dena ikusita eta gerta daitekeena aurreikusita... Ris-raus, harrigarriro, akabo festa egitaraua Bakion. Horrek salbatuko bagintu bezala. Duela urtebete urruti ikusten zen, nonbait, abuztuaren 29a eta gainera etorri zaigu, nonbait, abuztuaren 29a. Tartean badago ba egin, eragin eta erabaki eraginkorragoak adosteko denbora. Lana esaten zaio horri. Eta ez txikia, gainera. Abuztuaren 29an Bakion ez bada eraso larririk izaten (arinik ere ez dadila izan), kaleak itxi ditugulako ez dela izan sinetsiko dugu. Eta ze arriskutsua (hori ere)! Baina ezin besterik espero komunak hondatuko dizkiguten beldurrez eskola, institutu, ikastola eta ikastetxeetan ikasleei komunak ixten zaizkien Euskal Herrian.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión