Las diez noticias clave de la jornada
Egin kontu

Perikitoak

Eta nik neurekiko, pentsatuko du etorkina delako egiten duzula atzera, igo zaitez, neska!

Asko gustatzen zait gai baten inguruan asko dakienari gai horri buruzko galderak egitea. Estutu, estutu eta estutu. Laranja zukua egitearen pareko. Estropezuka ere aritzen naiz batzuetan, mingainaren joanari gerritik heldu nahian. Gehixeago eta gehixeago. Kabituko da edalontzian zuku gehixeago. Zurrut egingo diot, bestela. Eta bete berriro. Bi tanta, hiru. Gainezka egin arte. Sarri, gai baten inguruan asko dakienari asko dakien horri buruzko galdera bat egin eta erantzuten ari dela, erantzuna bukatu aurretik to, beste galdera bat egiten diot erantzuten ari zena axolako ez balitzait bezala. Gehiegizko arreta jartzen diodalako egiten dut, ordea. Moztu eta ebaki, belarrra xehe-xehe. Jakin-mina esaten zaio. Edo antsietatea. Errespetu falta dela ere esaten dit gertukoren batek. Ni ohartzen naiz egiten dudanaz, badakit ez dela oso itxurosoa, baina ezin ekidin. Mingainari aho sabaia itsasten saiatu naiz noizbait, baina buruak beste indar bat hartzen du horrelakoetan.

Publicidad

Aurrekoan gertatu zitzaidan. Gurasoen etxe inguruko auzotar batekin hizketan hasi eta... Hiru perikito ditu Paulek etxearen atzeko balkoian. Balkoia kalean bertan du ia. Han ari nintzaien umeei begira eta begira esanez. Zaharrenak kaiola ikusi zuen, txikienak txoriak ikusi zituen. Paul kontu-kontari balkoira atera zenerako, makina bat galdera nituen itxaron-zerrendan. Galdera askoren beharrik ez zuen izan, ordea, perikitoekiko pasioa tarteko, hau eta bestea kontatzeko. Kaiolan bakarra sartuz gero, kanturako gogo gutxi izaten duela; emea eta arra elkarrekin jarriz gero, arrautzak jartzen dituztela; bi ar jarriz gero, ez direla haserretzen, eta bi eme jarriz gero, triskantza seguru. Hala esan zuen: triskantza seguru. Errumanieraz. Pozik kontatu zigun aurreko aldeko balkoian bazuela ama perikito bat hiru arrautza ttikirekin. Eta joateko ikustera. Igotzeko etxera. Eta nik, nola ba! Eta berak baietz. Eta nik, beste batean. Eta hark, beste batean arrautzarik ez da egongo. Eta nik neurekiko, pentsatuko du etorkina delako egiten duzula atzera, igo zaitez, neska! Eta hantxe joan ginen semea aurretik zela. Etxean sartu orduko lasai egoteko esan zion semeari, bera pertsona ona zela. Yo soy una buena persona. Tranquilo. Ez entzunarena egin nuen, neure buruari zein miserableak garen behin eta berriro errepikatzen nion bitartean.

Hamar egun barru hiru perikito jaioko dira Paulen etxean. Ez dakit beste etxeren batera migratuko ote duten. Ez dezatela perikito onak direla esan beharrik izan. Mesedez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad