Inkubagailua

Shifa ospitaleko inkubagailuetan laurogei haurtxo baino gehiago daude. Mugitzeko agindu diete. Joateko. Ospitaleko zuzendariak argi du: Ni hemen geratuko naiz

Joateko agindu diete. Alde egiteko. Eraikin handiak eraitsiko dituztela. Eta joateko. Izan ere, han goikoak erortzen badira, akabo goikoak. Eta behekoak. Milioi bat pertsona inguru bizi da gaur Gaza Hirian. Duela lau urte bizi zen pertsona kopuruaren ia bikoitza. Eguzkitsu esnatu da gaur Gaza Hiria. 31 gradu egingo ditu. Nik ez dakit eguzki bera den hau eta hura berotzen dituena. Esango nuke ezetz. Esango nuke lainorik gabeko zeru urdin hartan zerua beste kolore batekoa dela. Zeru urdin batzuk urdinak dira, baina ez dira zeru. Palestinan oraintxe auskalo zer den eraitsi nahi dituzten eraikin altu horien gainean dagoena. Zerua txiki-txiki egin diete, eta lurra puskak irentsi ezinean harrapatu du enegarren erasoak. Joateko agindu diete. Inon kabitzen ez diren tokira joateko. Mugitzeko dagoeneko norakorik ez duen tokira. Shifa ospitaleko inkubagailuetan laurogei haurtxo baino gehiago daude. Mugitzeko agindu diete. Joateko. Ospitaleko zuzendariak argi du: Ni hemen geratuko naiz.

Publicidad

Pasa den ostiralean kontzentrazio zaratatsuak egin ziren Euskal Herriko plazetan. Jende gehiago espero nuen gurean. Plaza gainezka edo. Total, pentsatuko du bakarren batek. Zertarako. Zertarako. Zertarako. Agian iritsi da kontzentrazioak arratsaldeko zazpietan edota asteburuetan egin ordez, eguerdiko hamabietan eta aste egunez egiteko garaia. Bizitza geratzekoa. Txirrindulariak gerarazten ditugu, baina gu geu geratzeko uneak orain behar luke. Etorkizunak galdetuko digu, Eta zer egin zenuten? Sorbaldak goratzea azkena litzateke. Ez dakit zertarako gauden prest, baina Shifa ospitaleko inkubagailuan laurogei haurtxo daude. Mugitzeko agindu diete. Heriotza ari dira arnasten.

Imajinatu inkubagailutik kanpora ateratzeko nahikoa indar biltzen duela umetxoetako batek. Imajinatu gainerako guztiei, banan-banan, eskua luzatu eta laguntzen diela, goazen hemendik eta goazen hara. Bidean panpina puskatuak eta baloi zulatuak topatuko dituzte. Munduak halakoa behar duela pentsatuko dute eta begira jarriko zaizkigu. Han urrutitik ere.

Imajinatu laurogei umetxoetako bat geratu egin dela. Norbaitek geratu beharko du ospitalean geratzea erabaki duen zuzendariaren ondoan. Inkubagailuan sartu du burua eta gorputza zuzendariak. Eguzki bat utzi du barruan eta urdinez margotu ditu inkubagailuaren kristalezko paretak. Imajinatu umetxoak Gaza Hiriko kaleetan eraikinik altuenetara begira. Inkubagailuak daramatzate besapeetan. Eta gu begira, ikusten duguna gertatzen ari ote den galdezka.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad