Egin Kontu

Erdia

Oporretan denbora da abestiak kakapilan. Oporretan denbora da bukatu nahi ez diren guztiak hastea. Oporretan denbora da ezkutaleku bat. Oporretan denbora da berriro zenbatzen ikastea

Oporretan denbora da tximeleta bat hegan-hegan. Oporretan denbora da txokolatea esku artean urtzea behera eta behera. Oporretan denbora da soka saltoan zangalatraba egitea. Oporretan denbora da betazalak itxi gabe tentazioari eustea. Oporretan denbora da begiak txiki-txiki han baino urrutiago zer dagoen ikusi nahia. Oporretan denbora da errekarik ez dakarren ura. Oporretan denbora da non egoten da ura errekak urik ez dakarrenean? Oporretan denbora da matxinsalto bat. Oporretan denbora da haizeari poltsikoan eustea. Oporretan denbora da hasperenka-hasperenka korapiloak estutzea. Oporretan denbora da itsasoa hain handia ez dela sinestea. Oporretan denbora da lautada bat. Oporretan denbora da iluntasuna zulatzea. Oporretan denbora da alboka igeri egitea. Oporretan denbora da ostruka bat lepoa buru gainean jarrita. Oporretan denbora da banoa-banoa. Oporretan denbora da telefonoa behin eta berriz berrabiaraztea. Oporretan denbora da zutik esertzea. Oporretan denbora da hazteari uzten dion baratzea. Oporretan denbora da norekin haserretu ez izatea. Oporretan denbora da eztarrian trabatutako karkaxa. Oporretan denbora da karramarroa aurreraka. Oporretan denbora da abestiak kakapilan. Oporretan denbora da bukatu nahi ez diren guztiak hastea. Oporretan denbora da ezkutaleku bat. Oporretan denbora da berriro zenbatzen ikastea. Oporretan denbora da gola zure atean. Oporretan denbora da ordulari bat lagunaren eskumuturrean.

Publicidad

Estalaktita bat tantaka-tantaka sortzen da. Ttak eta ttak. Estalagmita bat tantaka-tantaka sortzen da. Ttak eta ttak. Estalaktita batek eta estalagmita batek elkarri muxu ematen diotenean zutabe bat sortzen da. Ibilbidea erakutsi digun gidariak esan du. Mende bat behar dute estalaktita eta estalagmita batek elkarrengana zentimetro bat hurbiltzen. Aurrean ikusi dugun etorkizuneko zutabe horrek zutabe izateko bost mila urte beharko baditu, zenbat zentimetroko hutsunea dago gaur eta hemen etorkizunean zutabe bat izango den estalaktita eta estalagmita horien artean?

Lurpeko bisitarietako batek luzera neurriak hartzeko metro kiribil bat atera du poltsikotik. Neurtzen jarri eta esan du ehun zentimetro! Metro bat? albotik beste batek mesfidati. Bisitari guztiak bien jiran jarri gara. Harrituta galdetu diogu lehenengoari ea zergatik daraman luzera neurgailu bat poltsikoan, hobe lukeela burua eraman. Oporren denbora neurtzeko, oporren denbora neurtzeko! egin du oihu. Badaezpada ere bi aldiz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad