Egin kontu
#BukatudaBesteenganako errespetuak baino, besteen begiradak baldintzatzen gaitu gure egikeretan
Lapurrak ustez inor begira ez dagoenean egiten du lapurreta. Tranpatiak ustez inor begira ez dagoenean egiten du tranpa. Erasotzaileak ustez inor begira ez dagoenean egiten du eraso. Besteenganako errespetuak baino, besteen begiradak baldin-tzatzen gaitu gure egikeretan. Eta hori larria da oso.
Zasta harrapatu dute, ordea, Luis Rubiales, asko begira-begira zeudenean. Eta oihartzunak begira jarri gaitu guztiok. Hatz erakusleen puntaren puntek harekikoak egin dituzte. Ipurdi bistan geratu da, eta, hala ere, burua tente, begiak zorrotz, nahiago izan du korapiloan katramilatu. Tamalez, nork sostengatu badu eta... eutsi.
Gertatutakoek memoria astindu digute askori eta hitz zaparradari isildutakoak kontatzen hasi gatzaizkio, onartu genuen hura onartezina zela ondorioztatzen hasita: niri... niri... niri... guri... guri... guri... Duela hogeita hamar urte, gelan andereñorik ez zegoenean, ipurdia ukitzen ziguten mutilek neskei (gizenak eta itsusiak zirela sinestarazten zigutenei ez, horiei ez; hortxe erasoaren erasoa), eta haserre itxurak eginez, a-tzetik egiten genien korrika. Batek jakin zertarako. Gure ipurdiak beraientzat zirela barneratuta hezi gintuen auskalo zer ikusezin batek. Eta lotsagarrikiro ondo sentiarazten gintuen horrek. Edo lotsagarrikiro ondo sentitu behar genuela pentsatzen genuen pentsatu gabe. Une oro desiragarriak eta desiratuak izatera kondenatu gintuzten. Eta irentsi egin genuen. Besterik ez, eta hura izan zen gure eredua. Andereño gelan ez zegoenean gertatzen zen hori. Zergatiei erantzun behar genienik gabe hazi ginen bedera-tzi, hamar, hamaika urterekin.
Pasa da denboratxo bat ordutik. Baina gaur egun ere, tarteka, andereño eta maisurik gabe geratzen dira ikasgelak une jakinetan eta latzak gertatzen dira momentu horietan. Jarrera koadernoko x gorriekin baloratzen eta zigortzen jarraitzen dugun bitartean, besteenganako errespetuak baino, besteen begiradek baldintzatuko dute gure jarrera. Eta hori larria da oso. Pertsona gisa jarduteko modua ezin da arau, isun eta sententzien araberakoa izan. Aspaldi behar zuen, eta aspaldi behar zuelako orain da ezkutukoak agerian jartzeko garaia. Agerian egin ezin dugun hori ezkutuan ezin dugula egin ulertzeko garaia.
#Bukatuda esan dugu askok. Baina, bai? Bukatu da? Ea bukatzeko hasitakoari iraunkortasunez jarraipena ematen diogun. Ikasturtea hastera goazen honetan, ikasgelek, familiek eta lagunarteek badute zertaz hitz egin. Rubiales auzia ez dadila Rubialesen auziarekin buka.