Egin Kontu

Botxak

Jakin-mina eta muturra sartzea esaten zaio. Eta bizikidetza edo horrelako zerbait

Ez dago dakienari galdetzea bezalakorik. Ederra da dakien pertsona hori ezezaguna izan eta hari galdezka hastea hau eta hura. Eta are ederragoa ezezaguna den pertsona horrek kontatzeko duena erabat ezezaguna bada galdetzen duenarentzat. Jakin-mina esaten zaio eta muturra sartzea. Muturra sartu ez dagokigun tokian. Gehiagotan egingo bagenu. Geure-geureak diren zirkuluez harago, deitu familia-lantokia-kuadrilla-eskola-pilates, kosta egiten zaigu inondik inora ezagutu ez, baina ondo-ondoan dugun talde batean galdezka hastea. Ebakitzea. Guraizeekin baino, hitzekin. Gu zuekin ebaki eta zuek gurekin. Ebaki. Matematikan, multzo-teoriaren barruan, ebaketa multzoen artean definitzen den eragiketa bat da. Eragiketa horrek multzo bat sortzen du eta multzo berri horretan ebaki diren multzoetako elementu komunak biltzen dira. Lasai, ez haserretu Iratirekin, matematika, zutabeen poesia bezalaxe, behar hainbatetan irakur daiteke. Are, behar hainbatetan irakurri behar litzateke horretarako beharra sentitzen bada. Azkena matematikarekin haserretzea. Eta zutabeen poesiarekin. Matematikan, multzo-teoriaren barruan, ebaketa multzoen artean definitzen den eragiketa bat da. Eragiketa horrek multzo bat sortzen du, eta multzo berri horretan ebaki diren multzoetako elementu komunak biltzen dira. Matematikan, multzo-teoriaren barruan, ebaketa multzoen artean definitzen den eragiketa bat da. Eragiketa horrek multzo bat sortzen du, eta multzo berri horretan ebaki diren multzoetako elementu komunak biltzen dira. Multzo berriak ebakidura du izena. Hirugarrenean ulertu ez baduzue, sortu zuen adibide propioa irakurritako hitzetan zenbakiak txertatuz. A multzoan 1, 2, 3, 4 eta 5 zenbakiak badaude eta B multzoan 2, 4, 6 eta 8, A eta B multzoen arteko ebakidura 2 eta 4 zenbakiek osatutako multzo berri bat izango da. Hasierako multzoek ez diote direna izateari utziko, baina (eta behar luke) berri bat jaioko da. Gu zuekin ebaki. Ebakidura hutsak ere existitzen dira, noski. Ez badago ezer komunik ez dago ezer komunik. Zenbakiak zenbaki dira. Baina... gu zuekin ebaki. Pertsonak. Gerta daiteke ezer komunik ez izatea pertsonen artean? Jakin-mina eta muturra sartzea esaten zaio. Eta bizikidetza edo horrelako zerbait. Botxak hartu nahi nituen hizpide. Botxak. Ezagu-tzen ez nuen kontu bat ezagutzen ez nuen pertsona bati galdetu eta aste honetan ezagutu dudan gaia. Botxak hartu nahi nituen hizpide eta bizikidetzaz hizketan bukatu dut. Izan ere... a ze saltsa-festa itsusia dugun esku artean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad