Las diez noticias clave de la jornada
Egin kontu

Atea

Espero diren kontu asko gertatuko dira astelehenean. Zergatik ez zabaldu atea espero ez direnei?

Harresian barna sartzeko lau ate zituen jatorrian. Bosgarrena XV. mendean eraiki zuten herrixkaren ekialdean. Arabar Errioxan dago Guardia herria eta hantxe harrapatu gaitu asteak. Edo guk harrapatu dugu bera gure baitan. Urtea tren bidaia balitz, Guardia litzateke urteko geralekuetako bat. Geltokia. Paganos atean barrura sartu eta egun batzuk igaro. Usaindu haurtzaroa. Usaindu nola egiten genuen jolas. Usaindu harresiaren gainetik kukuka ageri diren harkaitz-mendiak. Usaindu kaleen irregulartasuna. Usaindu haizearen pausa. Usaindu zeruaren urdina. Usaindu han lehoi bat lo dagoena. Usaindu denbora.

Publicidad

Umetan atariko atea beti zabalik izaten zuen Guardiako Kale Nagusiko pisu batean igarotzen genituen abuztuko hamabost egun. Oroitzapen ederragorik nekez. Oroitzapen goxo gehiago ere baditut kax-kax, baina umearoa bil-bil egin beharko banu, hamabost egun haiek oroitzapenen katiluan toles-toles eginda sartuko lirateke. Atea beti zabalik izaten zuen Guardiako atari hartan bisitari asko sartzen zen zoruan noizbait norbaitek eginiko harrizko artelana ikustera. Zer den harriz harri, koskaz koska marrazkiak egitea. Eta bisitariak bakarrik ez, behin Kale Nagusian behera korrika joaten diren zezenetako bat ere sartu zen atarian barrura eta eskaileretan gora. Iazko udan, oraindik, zabalik topatu nuen atariko atea. Gustura sartu nintzen barrura umetako Irati arnastera. Aurten itxita topatu dut lehen aldiz atea. Ate berria ipini dute eta kris-kras, akabo bisitariak, akabo zezena eta akabo Irati. Itxita dagoen atean barrura sartzea nekeza da oso. Badu ate berriak aldaba bat. Baina nor ausartzen da 2025ean ustez garrantzizko ezer behar ez eta atea jotzera? «Tok-tok. Zer behar duzu? Umetako Irati usaindu». Ba ez, ez naiz ausartzen. Garrantzitsua behar luke. Baina... Bisitarientzat altxor bat gutxiago. Zezenak egin dezala itsu-itsuan kalean behera. Eta Irati... moldatuko da hain ukigarriak ez diren argazkiekin.

Baina bai. Pena da ixten diren edota itxita dauden ateen kontua. Horregatik komeni zabalik eustea, itxi direnak zabaltzea, edota sekula zabaldu ez ditugunetan kox-kox jo eta gerta daitekeen ustezko egoera horri aukera bat ematea. Datorren astelehenean Ibai Uribe Mandubiko aldapetan gora eta behera ibiliko da, ETAk bere aita, Mikel Uribe, hil zueneko hogeita laugarren urteurrenean. Espero diren kontu asko gertatuko dira astelehenean. Zergatik ez zabaldu atea espero ez direnei? Zuk zer egingo duzu Ibaik zabaldu digun atearekin?

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad