Aita
Austeritatea, koherentzia eta konpromisoa bezalako balioak bide bihurtu dizkigu. Eskerrak ez zuen trenak hankaz gora bota
Lagunekin egiten zuen etxetik eskolarako bidea. Jolasean. Trenbidearen ondotik. Errailen gainean orekari desafio eginez askotan. Lehian. Elkarri erronka joz. Oina trabatu zitzaion behin. Bai, hortxe, Buddyri 'Tomates verdes fritos' pelikulan trabatu zitzaion toki berean. Aurrez aurre ikusi zuten biek trena. Biei egin zien trenak orro. Trenak harrapatu zuen Buddy. Gure aita Joxe ez. Eta eskerrak. Pixa gainean egiteko denbora tartea, ez zuen besterik izan. Hantxe geratu zen oinetakoa. Trabatuta. Eskerrak, ordea, bizitzak salto eta zilipurdi egiten asmatu zuen.
Hirurogeita hamabi urte bete zituen herenegun gure aitak. Zenbatzen hasita urte asko dira. Kontatzen hasita gehiago. Sentitzen hasita opari bat. Opari bat da kontatu izan digun eta oraindik ere kontatzen digun ipuin bakoitza, gurekin jolasean igaro izan duen eta igarotzen duen minutu bakoitza, solasgai mahaigaineratu izan duen eta mahaigaineratzen duen eztabaida bakoitza, partekatu izan dugun eta partekatzen dugun mendi-bide bakoitza, gehien behar dutenen ondoan egoteko duen modua, naturarekiko duen maitasuna, injustizien aurrean nola asmatzen duen lehertzen. Aita-opari izan da beti. Aitona-opari da, gainera, orain. Humanitateagatik eskaini nion 'Herriak ez du barkatuko' liburua. Humanitateagatik. Min bidegabe bakoitzaren ondoan, egoten eta egiten jakiten duelako. Austeritatea, koherentzia eta konpromisoa bezalako balioak bide bihurtu dizkigu. Eskerrak ez zuen trenak hankaz gora bota. Bere ondoan izan bagarenok edertu baino ez baikaitu egiten. Urte batzuk geroago kamioiak bota zuen lanera bidean txirrinduan zihoala. Hemezortzi urte nituen nik orduan. Eta aitarekin frontenisean jolasteko irrika bizia.
Hirurogeita hamabi urte bete zituen herenegun gure aitak. Pi zenbaki irrazionalaren eguna da gaur. Hiru hamalau. Patroirik errepikatu gabe infinitu digitu ditu pi zenbakiak. Konstante bat da. Infinitua da aita ere. Eta konstantea. Nekaezina sinesten duen horretan. Sostengua edonorentzat. Rhett Allain matematikariak dio Pi zenbakia magikoa dela, espero gabeko tokietan azaltzen dela. Gure aita ere magikoa da, baina, hain zuzen ere, ezagutzen dugun guztiok badakigulako non, nola eta zertarako azalduko den. Bai, hor azaltzen da beti: gehien behar dutenen ondoan. Egoteko. Eta, batez ere, egiteko. Urte on askoan, aita. Eskerrik asko. Izugarri maite zaitugu. Eskerrak ez zintuen trenak harrapatu. Zugatik. Eta gugatik.