Liberalak
Liberalismoak baditu ezaugarri politiko eta historiko batzuk, eta eskuin muturreko ideologiak kontrajarriak daude haiekin
Pertsonen askatasuna ardatz zuen liberalismoak XVII. mendean izan zuen sorrera, korronte ideologiko eta politiko gisa. John Locke filosofo eta mediku ingelesa izan zen pentsamolde horren aitzindari garrantzitsuena. Frantziako Ilustrazioa bultzatu zutenengan eragina izan zuen. Mende bat beranduago, Adam Smith eskoziarrak «Nazioen aberastasuna» obra ospetsua argitaratu zuen, eta horrekin liberalismo ekonomikoa jaio zen. XIX. mendean Alderdi Liberala sortu zen Britainia Handian; garai hartan progresistak ziren, eta Alderdi Kontserbadorearekin txandakatzen ziren gobernuan, hauteskunde-emaitzen arabera. John Stuart Mill, liberalismoaren beste erreferente inportante bat, garai hartakoa zen. XX. mendearen hasieran Alderdi Laborista sortu zen herrialde horretan, iraultza industrialak eragindako langileriaren interesak defenditzeko, eta liberalak zentro politikoan geratu ziren.
Simone Veil liberala Giscard d'Estaing presidentearen gobernuan Justizia ministroa izan zen, eta abortua despenalizatu zuen. Alemanian eta beste hainbat estatutan alderdi liberalak zentro politikoan kokatzen dira. Holandan bada ezkerreko alderdi liberal bat: D66. Estatu Batuetan, liberal hitza progresistak edo inkluso ezkertiarrak izendatzeko erabiltzen da. Benetako liberalek gizon-emakumeen askatasuna eta giza eskubideak defenditzen dituzte.
Milton Friedman eta Friedrich Von Hayek ekonomialariek neoliberalismoa deituriko pentsaera ekonomikoa sortu zuten joan den mendearen 70. hamarkadan. Reagan eta Thatcherren iraultza kontserbadorearen politika ekonomikoa pentsaera horretan oinarritu zen. Hona doktrina horren zutabeak: merkatuari mugarik ez, arau-desregularizazioa, zergak jaitsi eta zerbitzu publikoak eta sozialak asko gutxitu. Finean, Estatu soziala desegin. Alabaina, sistema finantzario pribatuak arazoak dituenean, eragozpenik ez diru publikoa barra-barra erabiltzeko.
Vox alderdiko barne-liskarrean galdu dutenak «liberalak» edo «ultraliberalak» direla irakurri dut. Gaizki esana. Reaganen politika ekonomikoa modu erradikalenean aplikatu nahi badute ere, ez dira inola ere liberalak. Giza eskubideak murriztu nahi duen inor ezin da liberala izan. Iraingarria da hori pentsamolde liberalarentzat. Argentinan apoio handia duen Milei ultraeskuineko politikariak ultraliberala edo libertarioa dela esaten du. Argi izan dezagun eskuin muturreko politikariak demokrazia liberalaren eta askatasunaren aurka daudela, eta horietako batzuk gainditutzat genituen faxismo, nazismo edo falangismotik oso gertu.