Gurdi-txistu aiek gogoan

Gurdi-txistu aiek gogoan
Jose Usoz

Nikolas Zendoia
NIKOLAS ZENDOIA

Bai al dakizue zein musika-irrintzi dotoreak ziran leengo baserrietako gurdien txistu aipagarri aiek?

Gaur kalean aipatzen badezu gurdi-txistua, «zer da ori?» galdetuko dizue ogeitatik emeretzik. Eta ez naiz arritzen. Onekin ez det esan nai ezjakinak diranik. Ez orixe. Nola jakingo dute, ba, iñoiz entzun eta ezagutu ez badute?

Zerengatik jotzen zuen txistua gurdi-ardatzak? Ez da egongo idatzita. Orregatik ari naiz ni. Baita ere iruditzen zait gaurko baserrietan gazteek beraiek ere ez dutela jakingo zer zan gurdi-txistua, eta zergatik jotzen zuen.

Barka eidazue, baiña ez zaituztet errudun egin nai. Ea zenbat urte diran gurpil egur ardatzarekikoak ezkutatu zirala. Pentsa: nik baserria laga nuenerako baziran gomazko gurpildun gurdi modernoak; erri inguru edo erriberetan beintzat. Eta, jakiña, gurdi klase berri aiek ez zuten egur ardatz lepo borobil torneaturik. Orduan, txisturik ez zuten jotzen.

Olioz igurtzitzen genuen ardatz lepo jiralariak jotzen bait zuen txistua. «Txistua» baiño geiago «musika» esango nuke. Ez bait zuen jotzen beti «piri-piri» berdiña. «Fii», «fuu», edo «mii-miu». Zenbat eta bide koskatsuagotik joan, orduan eta mirriki-marraka ezberdiñagoak.

Baiña au ez zan beti edo noiznai gertatzen. Gurdikada belarra edo gurdikada garoarekin zijoazenean, zailla zan gurdia txistuka astea. Zama astuna ez zalako.

Zamak eragindakoan ardatzaren jirak –au da, egurrak egurrari egiten zion igurtzi estuak– ateratzen zuen txistua, musika edo zana zalakoa.

Badakizue zerekin alderatu daitekeen gurdi kargatu aien musika, marruakada edo zarata? Gure zurruta-aldiren baten ondorenarekin. Puxka bat kostatakoan, puxka bat kargatutakoan, zarata geiago ateratzen degulako. Ea nork esaten didan ezetz.

Leen aipatu degun gurdi moderno berriak askozaz obeak dira, eta ziran, baiña musika edo txisturik gabeak. Auzokoak gurdikada simaurrarekin sorora noiz dijoazen ezin oartu.

Orrek ere ez zuen, ba, alaitasun aundirik. Soro-lanetan asten giñanean ugaltzen bait ziran gurdi-txistuak.

Maiatzaren aurrenean an izaten giñan soroetan, San Isidrotan arto-azia ereiteko lurrak prestatzen. Baiña San Isidro egunean, aurrena elizara joan bear meza entzutera. Eta andik ateratakoan, azkar etxera, sorora joateko artoa ereitera.

San Isidrori aingeruek erein zizkiotela arto-aziak eta egin soro-lanak gauez, bera lotan zegoela. Ala zioen apaizak sermoian, egun orretan. Gugana ez zan, ba, etortzen alako aingerurik eta.

Baiña urte-sasoi ura izaten zan gurdi-txistuak entzuten ziranak. Gurdikada eta gurdikada simaurrak ateratzen bait genituen soroetara, arto-lurrak ongarritzeko. Eta simaurrak duen eta zuen zamarekin, orduan izaten ziran gurdi-soiñuak, etxeko eta auzoetako soroetan.

Eta bazuen bere alegrantzia. Alegia: «gu ari gaituk eta baita besteak ere».

Neguan taloak jango baziran, artoa erein bearra zegoen. Baita ganaduentzat negurako arto kaxkarrak izango baziran ere, beiek esne ederra eman ziezaguten. Orduan ez bait zegoen Eroskirik eta orrelakorik.

Basarrik «Kantari nator» bere bertso-liburua atera zuela izango dira irurogeita bat urte. Liburu artan bazetorren bertso sorta bat, aipatzen zuena baserritarraren arto-ereiteko garaia. Oietako bat gogoan gelditu zitzaidan, bere irratiko emanaldi aietako batean entzunda.

Onelatsu zioen:

Jendea soro-lurretan

ari da lan gogorretan,

gaiñera simaur-lorretan.

Arto-ereite bete-betea

nola dagon bazterretan.

Goiko pagadi zaarretan

kuku zaar bi berriketan

dakiten izkuntz orretan.

Idirik ez zegoen etxeko sororen batera begiratuko zuen Basarrik. Normalean, idi-parearena zan simaurra eramateko lana, gurdi-txistu galantekin. Urrutitik entzuteko moduan, gaiñera.

Baiña Basarrik ondo adierazi zuen garaia, kuku-kanta eta guzti. Zer polita! Artoa izango genuen itxaropen osoz lurrak prestatzen. Negu osoan egindako ukuillukada garo-simaur epela lurrari naastuz. Enarak «txirri-mirri» gaiñean biraka genituela, eta kukuak kukuka.

Guzti ura zine baten pare bazalakoan nago, gurdi-txistu soiñua musika zalarik.

Baziran, ordea, esaten zutenak ere idiek asko sufrituko zutela alako txistu-soiñuarekin. Belarrietatik, alegia. Idi-parea asko maite zuen batek ori esatea ez da arritzekoa. Gaiñera, arrazoia izango zuen, bearbada. Baiña ni seguru nago tiraka zeramaten zamak geiago sufriaraziko ziotela idiei.

Basarriren bertsoaren berri eman det leentxeago, oso ondo zetorkidalako gaurko prosarako. Ba, orain nik Pello Errota ere aipatuko nuke. Bera il zala mendeurrena ere pasa berri degu, gaiñera.

Esaten digute Pello errotaria Asteasutik Aiara idiak eta gurdiarekin joaten zala, eiotako arto-iriñak eta gari-iriñak artuta. Iriñak banatu, berak ondo bazkaldu, eta beerakoan –au da, bueltakoan–, berriro arto eta gari-alea eraitsi errotara Asteasura. Artatik eta bertsoetatik bizi omen zan.

Nere galdera da: Pello Errotaren gurdiak txistu-soiñurik pasatzen ote zuen Andazarraten barrena?

Orren erantzuna ere neronek daukat: ezezkoa.

Goizean, Asteasutik abiatzerakoan, ondo oliotzen omen zituen gurdi-ardatzaren bi lepoak. Zergatik? Iriñak kobratu eta ondo bazkaldutakoan, bera ere oliotzen zalako. Idiei ere bai arrantxoa –gurdian eramaten zituen arto kaxkarrak eta abar–, illunabar beranduan idiak zuzen joan zitezen Asteasura, eta gurdia isilik, bera gaiñean lotan zala.

Ai, Pello, Pello!