Eta Gonbid-20 datorrenean? Covid-19aren aukera
Franco Donostiara etortzen zenean udako oporrak egitera, urtero txandaka Udalak eta Aldundiak gala afaria eskaintzen zioten. Sarreran eta amaieran txistulari munizipalen taldeak jo behar izaten zuen, udaltzain, mazolari eta banderadunek inguratuta. Hauek denek ere afaldu egiten zuten ondoko gela xaxtar batean, baina, garran-tzitsua gerra ondorengo gose garai haietan, menu berbera. Isidro Ansorena gure aitonak, urtero etxetik haruntza abia-tzean, bederatzi seme-alaben matraka bera entzun behar izaten zuen: «Aita, etxeko partez jan». Eta denetan erantzun bera ematen zuen: «Neurria mantendu behar kontu guztietan, baita neurrian berean ere».
Covid-19ak bere burua gure arteko afarira gonbidatu aurretik, jarduera sozial gehienetan neurritik kanpo genbiltzan. Orain, gonbidatu (edo covidatu) malapartatu honek noizbait alde egingo duelakoan, adituak ager-tzen hasi dira han-hemenka etorkizuna antolatzeari buruz hizketan. Burbuila barruko adituak gehienak, Covid-19aren aurretiko ekonomian adituak. Ez zaizkigu interesatzen. Aditu unibertsalak behar ditugu. Mundua urrutitik begiratzen dutenak, ilargitik gutxienez. Horrela zomorro honek ekarri digun aukera berria aprobetxatu ahal izango dugu.
Unibertsoko indarrik handiena inertzia da. Ez dago, edozein arlotan, kontu zail eta nekosoagorik inertziari aurre egitea baino. Eta gure inertzia zein zen birusaren bisitaren aurretik? 1. Eredu sozioekonomikoa gaien sorkuntzan oinarritu ordez, neurririk gabeko gorabehera finan-tzarioen gainean eraikitzea, magia antzeko diru jokoetan. 2. Neurririk gabe kontsumitzea eta oso era txarrean banatzea denon artean sortutako aberastasuna. 3. Hazkundea kon-tsumoarekin identifikatzea.
Turismoa, egungo tankera neurrigabean, hortxe sartzen da: ehunka milioi pertsona korrika batetik bestera munduan barrena Giocondaren aurrean edo mendi gailurrik altuenean argazkia egiteko. Oso kaltegarria da denontzat. Eta inozoa. Norberaren barruko bidaia ez dago hegazkin buelta askorekin ordezkatzerik. Orain boladan dago esaera: aurrenekoa, osasuna. Zehaztutako jokabide horiek kalte egiten diote guztion osasunari.
Hitz batean, gizarte dekadentea gara, neurriak ahaztuta, zuloan behera doana. Covid-19aren agerpenaren aurretik ere hala zen. Inperio eta beste antolamendu sozial askori gertatu zaie munduko historian eta desagertu izan dira. Ez beti kalterako.
Empire State eraikineko terrazatik kalera erortzen ari denari, leiho garbitzaile batek, ikustean, garraisi egin dio: «Horixe muturrekoa hartu behar duk». Eta besteak beherako bidean eran-tzun: «Gorroto dizkiat igarleeeaaaaak!». Guri ere muturrekoa iragarri digute, aspalditik eta hamaika mila aldiz, baina entzungor ari gara.
Hala ere, garai bateko marrazki bizidunetan bezala gertatu zaigu, ezusteko aukera. Protagonista xelebrea, Bugs Bunny edo, amildegitik behera jausten ari dela, bat-batean airean gelditu eta, egoeraz konturatuta, ero moduan korrika hasi da goraka. Horixe guri ere. Uste eta nahi ez genuela, aukera etorri zaigu. Etetea ezinezkoa zen ustez, halabeharrez gelditu behar izan dugu eta atzera egin. Hara, posible zen!
Baliatuko al dugu norabide aldaketa benetakorik egiteko? Ez dut uste, munduko buruzagiak boteretsuak, itsuak eta neurririk gabe ase ezinak direlako, eta agintari politikoak, haien morroi. Hala ere, azkenean, Covid-20, 21 edo 22 direlakoek berriro euren buruak gugana etor-tzera gonbidatzen dituztenean, amore eman beharko dugu. Begiak ixteak ez baitu errealitatea ezkutatzen.
Zaldibarko zabortegian gertatutakoa zetorrenaren iragarpen modukoa izan zen: alferrik ezkutatzen aritu ginen zaborra gure gainera erori. Ez dago beste aukerarik: gutxiago kontsumitu eta produzitu behar, neurrian. Eta etekinak era justuan banatu, neurrian. Nahi ez arren, ikasiko dugu. Edo desagertu. Hau ere ez da aukera txarra. Neurrikoa.