Borrar

Gizona parkean

Jendeak ez du sinesten esaten duen guztia, eta ez du esaten sinesten duen guztia

Osteguna, 6 ekaina 2019, 06:51

Comenta

Hemen dago gizona hiriko parkean, zumar tantaiaren gerizpean eserita. Ez dit hurbiltzeko keinurik egin; neu joan natzaio, eta pozik egin dit tokia ondoan.

Ez zait kolpean hasi konfesatzen. Matazari tiraka, hariak ekarri du hizpidea. Adierazi dit jendeak ez duela sinesten esaten duen guztia, eta ez duela esaten sinesten duen guztia. Saiatu naiz garrantzia kentzen, esanez denok egiten ditugula horrelakoak. «Hortik, ordea, ez dator atarramentu onik», pipertu zait.

«Nik bataila asko galdu dut», bota dit gero. Eta niri txandarik utzi gabe jarraitu du. «Hanka-sartze handiak egin ditut, disgustu handiak eman ditut; batzuetan ohartuta; gehienetan, deskuidaturik. Baina hanka-sartzeak neuretzat izan dira disgusturik handiena. Zerbait gaizki egindakoan erruz sufritzen dut. Zuri ere hala gertatzen al zaizu?». «Bueno, segun, saiatzen naiz garrantzi gehiegi ez ematen», erantzun diot nik. «Horixe da problema -esan dit-, garrantzirik ez diogula ematen, ez garela ohartzen gauza txiki batek izan litzakeen ondorioez, era askotako ondorioak. Lehen esan dut jendeak ez duela esaten sinesten duen guztia eta ez duela sinesten esaten duen guztia. Orain erantsi behar diot jendeak bere buruari kontatzen diola gezurra, esanez gero, noizbait, hasiko naiz egia kontatzen; sekretismo tontoan erortzen gara geure buruari egia ezkutaturik».

«Ez ahaztu Axular handiarena: '... etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimako, ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko uzteak, egunetik egunera, biharretik biharra luzatzeak'. Denbora ahitzeko beldurra zen Axularrena. Baina hori baino ere gehiago da -jarraitu zuen-, akatsa, aurre egin ezean, errepikatu egiten da, eta esaerak dionez, iturrira maiz doan txarroa, apurtu. Zepoaren ondotik askotan igarotzen den sagua, azkenean, erori egiten da; gu ere bai. Ez jarri harro orain arte suertea izan dugulako, behin ere ez dena behin gertatzen da».

Haurra du ondoan. «Biloba izango duzu?», esan diot. «Bai, jauna!», erantzun dit. «Neskato ederra», goraipatu diot. «Guretzat, behintzat, bai», erantzun dit. Berak jarraitu du: «Hauxe dut orain kontsolamendu. Ez dago munduan haurra baino sendagai hoberik, haurraren irribarrea kutsatu egiten da, haurraren hizketa ukendua da, haurraren ferekak, osasuna». «Gure hutsegiteek, sarri askotan, zulo beltzean murgilarazten gaituzte. Sendabidearen erdia baino gehiago da haur bat ondoan izatea. Horrekin eta errudun ez sentitzearekin egina duzu dena».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gizona parkean