Borrar

Gizartearen memoria

BAI HORIXE ·

Kaltegarrienak eta ugarienak ahanzturaren alde egiten dutenak dira

Astelehena, 25 uztaila 2022, 07:34

Comenta

Joan den urtean, udaren hasieran, bazter askotako pertsona aurrerakoiak biltzen zituen elkarganatze batean, hurrengo bilerarako data aukeratu behar zenean, norbaitek uztailaren 18a proposatu zuen eta bertan zegoen beste norbaitek esan zuen data seinalatua zela hori. Proposamena egin zuena harritu egin zen eta data seinalatuarena ulertu ez zuela esan zuen. Uztailaren 18a entzun eta ez zuen atximurrik sumatu barruan ez oroitzapenik.

Gaztea zen data proposatu zuena, gaztea baina ez hainbeste, hogeita hamar urte baino gehiago izango zituen. Ondoren adierazi zuen, irribarrez, Karmengo eguna uztailaren hamaseian zela, ez hemezortzian. Seinalatua zen beretzat Karmengo birjinaren eguna, auskalo zergatik, ez, ordea, Francoren altxamenduaren data zorigaiztokoa. Bere memoriak ez zuen data hori seinalatu. Agian bere amak Karmen du izena edo, hau arraroagoa litzateke, hizlariaren arreba Karmele da.

Bi eratakoak dira egun seinalatuak: norberaren edo ingurukoei dagokiena (urtebetetze bat, ezkontza eguna, dibortzioarena, aita hil zenekoa, lanean hasi zen eguna ...) eta gizarteari dagokiena (Eguberriak, herriko festak, santurik hurbilekoenari dagokion eguna ...). Tartean, herri edo bailara batzuetako pertsonentzat seinalatuak eta gainerakoontzat arruntak diren egunak.

Uztailaren 18a memorian gorde ez zuen gazteak antifrankistatzat du bere burua, sarritan aipatzen du diktadura bere diskurtsoan, diktadorea hil ondoren jaio bazen ere. Xehetasun hori besterik ez zaio falta. Askori gertatzen zaion zerbait da, zenbat eta urrunago, orduan eta lainotuago memoria. Baina gauza bat da norbanakoaren memoria, oroitzapen pertsonalak, eta beste bat gizarte honek Francoren altxamenduak kaltetu zituenekin duen zor barkaezina.

Gauza bat da norbanakoaren ahanztura eta beste bat gizartearena. Hor daude oraindik hamarralditan diktadura kondenatu nahi izan ez dutenak, frankismoaren garaian ondo bizi ginela esaten dutenak, zauriak aspaldi itxi zirela pentsatzen dutenak. Arriskutsuenak, kaltegarrienak ez dira uztailaren 18 oro banderak mezetan astintzen dituztenak edo tarteka besoa tentetzen dutenak. Kaltegarrienak ahanzturaren alde egiten dutenak dira. Kaltegarrienak eta ugarienak.

Uste dute gerra hartatik bizirik atera zirenak hil ahala ahaztuko zaizkigula gainerakooi, uste dute diktadurak kaltetutako pertsonak hil ahala ahaztuko zaiola gizarteari. Gure esku dago uste horiek gezurtatzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gizartearen memoria