Sua (eta giro haizetsua)
Ez dira denak ustelak eta ez zuten errurik Tolosaldean, baina esker txarraren arauak ditu bizitzak leial irauten dutenentzat
Astelehenean izango du bere egun kutuna. Arratseko hitzordura gonbidatuta gaude denok. Ikusteko liluragarria da, edozein bertsiotan gainera, nola San Juan bezperako sutzar antolatuan, hala egongelako tximinian edota sukaldeko parrillan. Nolanahi ere, sua izan daiteke begiratzen duguna edo begiradek islatzen dutena. Bata zein bestea, estetikoki zirarragarriak. Nik baino dezente aproposago eta dotoreago azaldu zuen Maialen Lujanbiok honako bertso gogoangarrian: «Hura asmakizuna homo habilisena!/Bazun intentzioa, bazuen sena!/Bi harrik elkar jota txispa bat aurrena/asmakizun haundina mendeetan barrena/Sua da problema/zenbait basorena/edo jaki dena/berotzen duena/eta bi begiradek sortzen dutena».
Sua antzematen da egunotan nerabe txosnazaleengan eta azterketak gainditu ez dituztenengan; Etxebiden izena emanda dauden gazteengan nahiz negozio iturri diren kontratuak arriskuan ikusten dituztenengan; zenbait disko gogorretan bezala hainbat kontzientziatan; Goierri eta Tolosaldeako lursail askoren jabeengan... Azken batean, berotasun handiko puntuak egon badaude, eta horien inguruan putz eginda aise piz daiteke sua, Koldok ondo dakien bezala. Okerrena, ordea, giro haizetsua dabilela oso eta sinesgarritasuna bera kiskali dela. Desleialtasunari darraikion zama eta leial izan denaren minarekiko errukia irudikatzen ditu Xabier Leteren poemak (maisuari zor diogu zutabearen egitura puskatzea):
Agian horrela behar zuen izan
isiltasuna, loreak, malkoak,
portzalanazko ontzitxoa buruki ondoan,
esker txarraren arauak
baititu bizitzak gehienetan
leial irauten dutenentzat
Alegia, sagar ustelen artean bestelakoak ere egongo direla, noski, nahiz eta sute betean berotasunak kontrakoa esatera garamatzan. Euren zintzotasuna gaur aldarrikatzen ez badugu, noiz orduan?
Horrelaxekoa da gure mundu hau, baita arlo fisikoan ere. Planetari leial izan direnek ere esker txarraren araua pairatu behar. Izan ere, arduragabe jokatu dutenen proportzio berean jasatzen dituzte klima aldaketaren ondorioak. Ikaztegieta eta Ibarran ondo dakite hori. Haien omenez Manuel Lasarteren bertso parea: «Landaretxoak euri epela izan arren premizkua,/iñoiz udaran etorri oi da turmoi-jasa arrizkua;/orrek duena ondasun danak txikitzeko arrixkua/kanpua mardul daguanian gauza penagarrizkua». «Udara maite ez duen gutxi dago mundu zabalean/zoragarria da mendi-puntan berdin itxas-egalean/ene, udara, auxe eskatzen dizut nik egiñalean:/goza itzazu baserrian da goza gaitzazu kalean».
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.