Borrar

Plastikozko loreak

Bagara nor eta badugu zer egin azkenaldian begirunea erabat besteratu badugu ere. Oporretan barrurako bidaiak, kalterik ez

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 11 de abril 2025, 02:00

Kalekumeok errazago izan dugu beti. Atea itxi eta ospa! Datozen egunetan ere askok egingo dugu. Baina baserritarrek? Abereak batetik, baratzeko belar txarrak bestetik... Nola utzi bertako egunerokoak? Haiek bai jakin kanpora begiratzeak etxekoa baztertzea dakarrela. Gogoan dut amonaren marmitarekin esne bila joan eta Juan Luis oporretan zegoenekoa. Supermerkatuko kartoiak bizilagunaren behien benetakotasuna ordezkatu zuenekoa. Halaber, aitona-amonak egun batzuk pasatzera joan direnean, erositako arrautzak jan behar izanak trauma antzekoa eragin dio mingain nahiz sabelari. Gure lehen sektoreko produktuak ekoizten dituztenak alde egitea, hori bai muga-zerga.

Hitz madarikatua besterik ez dugu entzuten egunotan. Eta ikusi, berriz, ile zuri harroputz hori. Une oro gainera. Begirunea besteratu dugu erabat. Kanporantz. Ez al gara gure baserria axolagabetzen ari? Betiko afera: urrutikoaren erakargarritasuna, alegia. «Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?», galdetzen digu Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlanak. Probokazio iradokitzailea, hain zuzen ere, orain nazioarteko komertziotaz eta geopolitika estrategiaz hainbeste dakigun honetan.

Aste Santuaren atarian zertan sinesten dugun galdetzeak ere kalterik ez digu egingo. Barrurako bidaiak. Xabier Leteren olerki honek blaitzen du aipatutako antzerkia: «Sinisten dut hartuko nauen lur hortatik landare berriak sortuko direla: landaretatik zuhaitzak, zuhaitzetatik loreak, loreetatik fruituak, frutuetatik gizonak eta abereak bazkatuko direla (...) Sinisten dut haiek ere noizpait lurrera deituak izanen direla, zabaltasun sakonera forma guztien sortokira itzuliko garela». Bada, sinistu iezadazue, pertsonaiatik pertsonatik baino gehiago duen plastikozko lore horrek oraintxe oiartzuarraren gogoeta ere hankaz gora jarri dezakeela mundua begira duela.

Ameriketatik bueltatzeko garaia ere badugu. Xalbadorrek bere seme Mixeli adierazi moduan: «Bainan, seme, nik hitan badiat fedea/kartsuki hartzen baituk hik eginbidea/amodioz entzunik aitaren galdea/ behingotzat hor utziz Amerik'aldea/bilatuko dukala etxeko bidea».

Gureari begiratzeko aukera eskaintzen digu gaur Euskal Herria Batera egitasmoak Donostiako Kursaalean. Aberri Egunera eramango gaituen astea zabaldu nahi du ekitaldi indartsu batekin. Oinarria kultur pieza bat izango da, non Euskara leku bat bezala diseinatzen den, dantza, hitza eta kantua txirikordatuz. 'Bagara nor, badugu zer egin', dio leloak. Nola galdu Xabier Euzkitzeren dotorezia bada gonbita luzatzen duena. Washingtongo ahalguztiduna begi-bistatik kentzeko ez bada ere...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Plastikozko loreak