Secciones
Servicios
Destacamos
Egurrean zenbiltzan bi mutiko. Orain bi paretak, orain txokoan luze. Izerdi-patsetan. Bero-bero eta, noski, bata bestearekin muturtuta. Hala eskatzen du lehiak. Anaiak izango ziren, noski, oso gertukoen artean bakarrik sortu ohi den txinparta nabari baitzen. Eta ni gustura ikuskizunari begira. Ez baita erraza inteligentzia artifizialaren aroan benetakotasuna bere gordinean parez pare aurkitzea. Aitak izorratu zuen, ordea, basapizti haien zinezko erakustaldia. Segapotoa atera eta grabatzeari ekin zion une berean, gardentasun miresgarri hura desagertu egin zen. Bat-batean, helburu gorena, ordura arteko borroka hauspotu zuena, hau da, garaipenaren barne pozoinaren zapore lizuna, itxurakeriaren amildegitik barrena erori zen. Botoi gorriak jasotako tantua nork egin beste konturik ez zuten. Batek partida irabazi arren, besteak dokumentua aldarrikatzea zuen. Ofizialtasunaren bila biak ala biak. Sasisesio hura ikusita, alde egin nuen.
Balioa zeri ematen diogun hausnartzen ari nintzela, Txomin Perurenarekin gogoratu nintzen. Garaipen ofizialen zerrenda luzea izanagatik, bestelako balentria goraipatu ohi zuen: entrenamendu batean, aurreko gurpila zulatuta, hagun gainean, tar-tar-tar soinupean, azkar fama zeukan txirrindulariari esprintean irabazi zionekoa. Ez dago hura jaso duen agiririk, baina ondo barruan eraman zuen beti oiartzuarrak.
Etxera bueltan irakurri dut José Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroarekin bildu direla EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, Espainiak euskararen ofizialtasuna lortzeko egin dituen aurrerapausoak azaltzeko. Bada pilota partidetan mugikorra ateratzen duen egiaztatzailea iruditu zait gizona. Halaber, antzeko tankera hartu diet Miguel Ángel Moratinosi (Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzako goi-ordezkaria) eta José Luis Rodríguez Zapaterori (Espainiako Gobernuko presidente ohia). Bakearen alde oihu egitera omen datoz egunotan Gernikara, bonbardaketaren 88. urteurrena betetzen dela eta. Mugikorrarekin, noski. Ni banoa. Aukeran nahiago grabatuak izan ez diren garrasi isilak, bere esanahi osoarekin, bi mutiko pelotarienak bezalakoak, bitartekaria etorri aurretik.
Imanol Lazkanok honakoa abestu zuen 1982an. «Agur Gernika euskaldunentzat berezia baitzera zu/gaur ere nere bihotz muinean imurtzi egin didazu/gure etsaiak bere gorrotuz eman zizuen arren su/gorputza erre zizuten baina anima freskorik dezu». Eta Lazkao Txikik urte batzuk geroago: «...Hitzaldiakin engainatuak makina bat inuxente! (...) ta bitartean berak dabiltza banketerikan bankete!». Anima ez, baina hitzaldiak eta banketeak, horiek bai ofizialak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.