Garai batean, txikiaren hiperaktibitate maila jasateko nahikoa kemen geratzen ez zitzaidanean, baliabide eraginkorra izaten nuen orain madarikatutako 'YouTube'. Xagusarroski kondeak Txirri, Mirri eta Txiribiton ez ezik, etxeko pailazo txikia ere zozotzen zuen. Antzezlanak bere zentzumen guztiak –baita ez zituenak ere– harrapatu ohi zituen eta, bide batez, ni aske uzten. Jolas egitarauari jarraipena emateko garuna estutzeari utzi, etengabeko heziketa lan aldapatsua bukatu eta oasian murgiltzen ginen biok zorioneko tartea pantailan azaldu orduko. Odolki-zopa edota organo doinuak baliatzen zituen pertsonaia maltzurrak gure heroien irizpide kritikoa deuseztatu eta haien menpekotasuna lortzeko lehenik, euren odola zurrupatzeko ondoren. Gurea ere xurga zezakeen lasai asko, seko lelotuta geratzen baikinen.
Publicidad
Nago kondearen oinordekoren batek bidali digula oraingoan ere bero-bolada. Ez dago beste konturik. Berripaperetan, telebistan, tabernan, parkean... Hogeita hamar gradutik gora ez eskatu gero eztabaida sakon, argi edo zorrotzik. Are gutxiago larrialdi klimatikoari buruz. Artikulu finik ere ez, noski. Oker zabiltza gogoeta eolikoren baten bitartez ekarpen berriztagarriren bat sortzera natorrela uste baduzu. Lasai, ur asko edan, sorkuntzaren pertsianak ondo itxita eduki eta pasako da hau ere.
Kontua da Xagusarroskitarrak ez dutela atsedenik hartzen. Badakarte edabe magikoa, magikorik bada. Gaur hasten (omen) da lehenengo mailako futbol liga-txapelketa, hainbat hotz klase berotu eta errealitatearen soroan itzal izugarri luzea uzten duena. Ez dut nik esaten. Basarri ere konturatu zen. Baita bertso sorta idatzi ere. Hemen bi ale: «Jolas guziak onak ditugu neurriz, bear dan moduan/bakoitza bere zaletasunez, danok gustora orduan/beldur naiz jaunak erri zar onek zer egingo ote duan/baloi zarraren kezka besterik ez al da bizimoduan?». «Aundi ta txiki, zar eta gazte, danok jarri gera berdiñ/gaitz berri ontaz kutsutu gabe iñor gelditu etzediñ/futbolaz kanpo eziñ asmatu degu zeretzaz itzegiñ/euskalerrian bada oraindik zer ikasi ta zer egiñ». Eta hausnarketaren gailurrean, galdera: «Jolas batentzat zertako artu orrenbesteko arretik?/Gauz latzagoak asko dauzkagu ostikoaren aurretik». Horrexegatik, Inazio, horrexegatik: bestelakoak latzegiak direlako.
Futbola gorrotatzea odolki zopa ez gustatzea baino zailagoa da, baina zozotzeko beste jaki batzuk ere ekoitzi ditu Xagusarroski sendiak. Kurtso berriarekin batera etorriko da estatus politikoa. Zaharra ala berria ez nago ziur.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión