Donostian gertatu zitzaidan. Laguna eta biok gosari koskor bat egitera joan ginen kafetegira, baina txutxu-mutxuetako txoko egokirik ezean, bi mahairen artean hartu genuen tokia, estu samar aukeran. Zenbait iruzkin egiteko baxutu egin genuen tonua aldamenekoei zeharka begiratuz. Ezkerrean bikotea, solasaldi goxoan, eskuinean emakume bat irakurri nahian. 'Molestatzen ariko ote ginen?', pentsatu nuen neure artean. Baina hara non, lehenik gizon-emakumeek agur zeharo adeitsua eskaini ziguten eta ondoren amona izateko adina zuenak hitza ere oparitu zigun: «Barkatu, zein euskara polita duzun! Zein atsegina izan den entzutea! Nahiko nuke nik horrela mintzatu». Lagunari esan zion, noski, ez niri. «Ni euskaldun berria naiz. Beno, oso zaharra. Baina saiatzen naiz», gehitu zuen umoretsu. Eta hasi bezala buka: «Barkatu, molestatu egin dizuet eta». Lagunak, orduan: «Ez dago ezer barkatzeko. Eskerrik asko zuri bagarela ikustarazteagatik». Pasadizoak arrasto pozgarria utzi zidan, segur aski gure hizkuntza aspaldian udazken koloretan murgilduta ikustera ohitu naizelako, hots, Benitok kantatu bezala, «zuhaitz biluziaren gerizpean orpondoa, orbelaren hilobi horiz eta gorriz, dena lokarturik».
Publicidad
Kontua da, artean asteburuko bi kirol jarduerek utzitako zapore mikatza kendu gabea nuela. Realak Real Madrili gola sartu zionean, jarraitzaileen ahotan erraz irakurri zitekeen makulu-hitza. Halaber, Kontxako irabazleen artean, gehienek oihu bera egin zuten: «¡Vamos!». Eta noski, Juanan Legorburu kazetari euskaltzale jatorra etorri zitzaidan burura. «Gaizka, 'Goazen' batez ere agintera duk eta norakotasuna adierazten dik, norabait joateko asmoa. Molde trakets horren aldean, euskaraz aupatzeko beste era asko ditiagu», esan zidan. Zenbat gogoratzen naizen hirekin, Juanan. Baita Lazkao Txikirekin, noski. Aginaga bizikletaz zeharkatzen dudan bakoitzean, hantxe dago, eskola txikiaren ondoko horman marraztuta, ahotik bere sorginkeria dariola: «Laster erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan», dio. Bada, behin Andoni Egaña jarri zuten irudi haren aurrean kantatzeko egoeran. Hauxe emaitza: «Begi aurrean ikusi dugu, txikiaren marrazkia/ta esaldia irakurtzeko hartua dugu astia/bertsolaria soil soilik ez zen Lazkao Txiki zen aztia/denborarekin betetzen ai da hark esandako guztia». «Gaurko gazteak hortxe dabiltza, Chill Mafiarekin edo/Lazkao Txikik esan zuena pentsatzen det egunero/euskarai garbi-garbi eusterik nik behintzat ez dut espero/narrastea ere ez zait ajola asko zabaldu ezkero».
Kafetegiko amona sentitu naiz ni ere askotan. Barkatu Juanan, Joxe Migel eta Andoni. Nik ere nahiko nuke zuek bezala besarkatu euskara.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión