Egiari zor
Inputatuak gezurra esateko eskubidea du, lekukoak ez bezala, eta futbolariak lotsagabe bere burua lurrera botatzekoa
Ordu gutxiren bueltan izan ditudan bi elkarrizketek piztu didate gaurkoan gogoeta mingarria. Informala bata, laguna ere oso formala ez delako; aldiz, goi mailakoa bestea, solaskidea herri ordezkaria baita, erakundeetan ibilbide luzekoa gainera. Futbola zen lehen kasuan hizpide; hain zuzen ere zenbait jokalariren portaera lotsagarria. Epaileari ziria sartzeko intentzioan iruzurra ikusten nuen nik eta hark, berriz, jokoaren arau malguen baitan taldearen interesen aldeko baliabidea. Bigarren hizketaldian auzi politiko baten judizializazioaz jardun ginen. Mamia ulertu nahian nenbilenean jaso nuen kolpea. Mintzakideak aferaren gakoa zeukan eta halaxe jakinarazi zidan serio arraio: «Lekuko gisa deklaratzera deitu dutenez, egia esatera derrigortuta dago». Harrapa ezak hori! Nola futbolak hala epaitegiek zeharkako gaia ekarri didate: egiaren eta gezurraren erabilera lausoa.
Honen arira, duela hogei urte bertso saio batean maisuki proposatutako egoera berpiztu nahi izan dut. Inaxio Usarralde usurbildar gai-jartzailearena da meritua. Hala dio: «Hona hemen, zuen aurrean, egia eta gezurra. Andoni (Egaña) egia, eta Iñaki (Murua) gezurra. Batzutan elkarri egundoko amorrua diozuela eta elkar gorrotatzen duzuela dirudi. Eta bestetan oso lagun zaretela. Elkarrekin oheratzen zaretela ere egingo genuke apustu. Argi ezazue zuen harremana mesedez». Bikaina! Ondoren etorri zen sorta ere apartekoa izan zen, baina ale bat, zarauztarrarena, antologikoa: «Nor ote degu bitan nagusi, nor ote degu menpeko?/Arrazoirikan ba al daukagu muturturik egoteko?/Garrantzitsuen neu naiz biotan mesede edo kalteko/nere erdia nahikoa baita zu oso bat egiteko».
Futbolariak kontaktu txikiena sentitu orduko, bi hankak airean, suntsituta, grabitatearen legea bihurritzen duenean, zer da: inputatu ala lekuko? Eta deklaratzen ari den horrek epaileari penaltirik egon ez dela esaten dionean? Zer ari da: egitan edo gezurretan? Eta egiaren zein zati darabil: laurdena, herena, erdia...? Eztabaida berak adierazten du kontuaren larritasuna. Izan ere, nire lagunek diotenez, «arautegia hor dago. Estrategia da».
Nolanahi ere, euskarak esamolde esanguratsu askoa eskaintzen digu: «Egiari zor». Gure arbasoek ez zuten alferrik asmatu. Hori zapuz dezakeen legerik ez da sortu. Ez dut beste hizkuntzetan aurkitu, baina adimen artifizialak honako itzulpena egin dit: «Es una expresión vasca que se traduce como 'a la verdad se debe' o 'a la verdad se está obligado'. Horixe bada, arrazoia. Egiarekin dugun zorra kitatzen dugunean, zenbat solasaldi izango ditugun soberan!
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.