Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Barkatu, bilduta nago

Erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positiboa du; ez hainbeste lanean batzartuta egoteak

Gaizka Lasa

San Sebastián

Ostirala, 5 iraila 2025, 02:00

Comenta

Irailarekin batera itzuli da lan esparrura ditxosozko makulu-hitza. Norbait topatu nahian bazabiltza oso litekeena da garaiotan halako erantzuna jasotzea: «Barkatu, baina bilduta dago». Eta gerora hartu ez izanaren arrazoia halaxe azaltzea: «Bilduta nengoen». Bilerak kateatzen dituztenak ere asko dira, alegia, jendartetik komunera joateko bakarrik libratzen direnak. Alabaina, mailak eta mailak daude. «Batzartuta» dagoena pertsona inportantea izan ohi da. Ia komunera ere joaten ez den horietakoa. Nolanahi ere, bakardadearen errepublika independentea –sorkuntzan hain aberatsa– anexionatu egin du lan komunitarioak. Lantalde batean ez bazaude, ez zara inor.

Kontua da, arlo indibidualak ere berea aldarrikatzen duela. Bere proiektua garatzeko espazio propioa nahi du horrek ere eta, noski, geratzen zaion aukera aisialdia da. Hala, gero eta gehiago dira lanetik irten eta bakarrik egoteko gogoari hegoak zabaltzen dizkiotenak, isolamendua erabatekoa izan ez dadin mugikorra edota tableta ondoan izanda betiere.

Nire kontua izango da segur aski, baina bilera gelak betetzen diren bitartean, plazak, tabernak eta elkarteak husten ari direnaren sentsazioa daukat. Esan gabe doa bizipoza eta zoriona azken gune hauetan aurkitzen dela eta komunitatea ere bertan eraikitzen dela. Hala dio, behinik-behin, Emile Durkheim soziologoak eta hori frogatzen saiatu da Jon Zabala EHUko ikertzailea Korrika ardatz hartuta. «Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa».

Bere ikerketaren arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste. Arrazoi emango diote ziurrenik atzo Donostiako arrapalan elkartu ziren kuadrillek eta gaur, bihar eta etzi Zetak taldearen 'Mitoaroa' ikuskizuna bizitzera joango direnek. Hango eferbeszentzia baino aspirina eraginkorrik ez da. Hara hor kausa batera erakartzeko modu zuzenena, dela traineru batek ordezkatzen duen udalerria, dela euskal kulturak atzetik dakarren herri ikuspegia.

Herritarron parte-hartzearen neurgailuarekin lotuta idatzi zuen honako bertso hau Manuel Lasartek. «Aitonak dio: eldu gera gauz xelebreak ikustera/mudantza aundiak ditugu emen urte batetik bestera/eleizak ere iritxi dira geienak erdi ustera/bi gauz onenak galdu zaizkigu: siñismena ta euskera». Lehenengoa, bederen, norberak barruan gorde dezake. Bigarrena ez. Eta bide batez, lan bilera horiek guztietan erabiliko balitz...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Barkatu, bilduta nago