Borrar

Festa-hotsak

BAI HORIXE ·

Azken batean, horixe baita danborrada: gerra-hots birziklatua eta festa-hots bihurtua. Asmakizun handiagorik!

Osteguna, 21 urtarrila 2021, 07:02

Comenta

Gogoan ditugu Errege-bezperako danbor-hotsak, euskal telebistaz entzunak. Zarauzko hondartzan zihoazen hiru Erregeak, beren segiziokoekin, danbor-hotsen konpas pausatu bezain irmoan denak ere.

Biharamunean, Errege-goizean, koloretako danborra aurkitu zuen urtebeteko mutikoak gelan. Plastikozkoa zen danborra. Eta danborraren barruan –kaxa bat bezala irekitzen baita danborra–, bi makila zituen, eta pandero txiki bat, bi maraka eta korneta. Hauek ere plastikozkoak eta koloretakoak. Eta denok mutikoari begira, ez ote zen galduko hainbeste jostailuren aurrean. Bai zera! Nahikoa izan zuen aitona makilak hartuta danborra jotzen ikustea, bera ere danborra jotzen hasteko. Piztua zen festa.

Egun berean, oso bestelako irudiak iritsi zitzaizkigun telebistaz Washingtongo Kapitoliotik. Gerra gaizto bihurtuak ziren aurreko egunetako danbor-hotsak, askoren dardaragarri.

Eguna joan eta eguna etorri, urtebeteko mutikoa noiznahi hasten da danborra jotzen. Gainera, ikasia du korneta jotzen, baita marakak eta pandero txikia astintzen ere. Eta hori ez ezik, lehen pausoak emanak ditu oinez. Eta zutik jartzen denean, besoak gora jasotzen ditu eta dantza egiteko imin-tzioak egiten hasten da. Festak apenas duen etenik, ume osasuntsuen inguruan.

Gerra-hotsek apenas duten etenik, gaitzak jotako gizartean. Gaur, Estatu Batuetatik datozkigu hots kezkagarriak; bihar, agian, auzotik edo etxetik.

Atzo, danbor-hotsen eguna zuten Donostian eta Azpeitian. Zuten eta izan dute neurri batean. Eta beste herritakoei ere iritsi zaizkigu hotsak. Asmakizun handientzat alferrikakoak baitira itxiera perimetralak. Eta, azken batean, horixe baita danborrada: gerra-hots birziklatua eta festa-hots bihurtua. Asmakizun handiagorik!

Laster hasiko zaizkigu banan-banan etortzen herrietako festa-egunak. Dagoeneko entzuten hasiak gara txaranga, danbor, turuta, pandero, maraka eta abarren hots bizigarriak. Ez ahal zaizkigu festak iaz bezala zapuztuko! Ordurako ez ahal ditugu beharrezkoak izango itxiera perimetral guztiak!

Aukeran, zutabe hau hortxe bertan bukatzea izango nukeen onena, hots baikorren konpasean. Eta kito. Baina beldur naiz aurtengoak ere ez ote ditugun festa isil xamarrak izango. Halako hotsak entzuten dira bazterretan eta adituen ahotan. Nahiago nuke kukuak oker joko baligu festa-hondatzaile guztioi, gizarte osasuntsuaren onerako.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Festa-hotsak