Borrar

Famatu famatuak

Bai horixe ·

Gehienek ez dute luzaroan irauten, izar iheskorrak dira gehienetan

Astelehena, 20 abendua 2021, 07:04

Comenta

Pandemia dela eta itxaron gela askotatik kendu egin dituzte aldizkariak. Dentistarenean, ile-apaindegian, podologoaren kontsultan ez dago zerekin arindu zain egon beharreko denbora. Zeure buruarekin jardun behar duzu edo, gehienez jota ere, sakelako telefonoarekin.

Aldizkariak desagertu dira, ez gainerako ohiturak. Horrelako lekuetan errotulu bat jarri behar lukete paretan: gure denbora urrea da, zurea, burdina. Ondo jarria dute izena leku horiek, bezeroak itxaron behar duelako, sendagileak edo podologoak ezin duelako tarterik utzi bi hitzorduen artean.

Bezeroak itxaron behar du, baina azken boladan ez dago denbora arintzen lagunduko dion aldizkaririk. Gaitz erdi, aldizkari arin horietan azaltzen diren pertsona famatuak, ustez famatuak, niri behintzat gero eta ezezagunago zaizkidalako eta horrek arrotz sentiarazten nau, mundutik kanpo, estralurtarra banintz bezala. Ez da, soilik, aurpegiak ez zaizkidala ezagunak egiten, pertsona horien jarduna bera ezezaguna zait.

Ospetsuak dira famatu bilakatu direlako, ez ganorazko zerbait egin dutelako. Gehienetan ez dira abeslariak, aktoreak edo kirolariak, famatu izatea da beraien ofizioa, beraien bizitzaren helburua. Aurpegi horiek elikatzen dituzte, zituzten, itxaron geletako aldizkariak. Noski, ez dira aldizkari horietan soilik bizi, telebistetan baizik. Hori da pertsona horien habitat nagusia, telebista.

Gehienek ez dute luzaroan irauten, izar iheskorrak dira sarritan, urte gutxiren buruan desagertzen dira eta berriak sortzen ditu sistemak, hutsunea nabari ez dezagun. Ez zaio zirkuluari sekula elikagairik falta, barra-barra sortzen dira famatuak izan nahi luketen, gazteak, helduak, gaztetxoak eta haurrak, neskak eta mutilak. Zer izan nahi duzu handitan? Famatua. Ez dute esaten itxaron geletako aldizkarietan bizi nahi dutenik, paperera heltzeko lehenik pantailetan atera behar dutelako, pantaila handi edo txikitan.

Jakin badakigu teknologiaren aurrerapenek ofizio batzuk desagerrarazten dituztela eta berriak sortzen. Karrogilea omen zen gure aitona, sutegi bat genuen txikitako etxe azpian. Baina ofizio berritan absurdorik absurdoena famarena da niretzat, ikus-entzunezkoek etengabe sortzen dituzten famatuen ofizioa. Nigandik, behintzat, ez dute sosik lortuko, inoiz aldizkariak itxaron geletara itzultzen badira, ez ditut zabalduko, begirada bat bera ez diet luzatuko. Arriskurik gabeko alferrikako protesta.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Famatu famatuak