Borrar

Etxafuegoak

BAI HORIXE ·

Erdi bidean geratzen da 'etxafuego'. Jasotzen du begiz ikusten dena, baina ez belarriz aditzen dena

Osteguna, 18 abuztua 2022, 07:35

Comenta

Joan den astean, aire egokituaren gaia generabilen ahotan. Nik ere egin nuen halako ikerketa moduko bat. Han joan nintzen supermerkatu horietako batera, aire egokituaren dekretua indarrean jarri zen egunean, ea zer gertatzen zen ikustera. Aldez aurretik, eginak nituen aurreikuspenak: lege berrira egokitua izango zuten aire egokitua. Etengabe azaltzen dira-eta ekologismoaren alde.

Eraikin erraldoian sartu orduko sumatu nuen tenperatura-aldea; ez zegoen aurreko egunetan bezain fresko. Ez nenbilen oker aurreikuspenetan. Informazioa osatze aldera, bertako langile bati galdetu nion ea zer moduz tenperatura berriarekin. Ustekabeko erantzuna eman zidan: «Igualeko! Horrela bai ondo! Hotzak ere egon izan gara aurreko egun batzuetan». Neure artean: «Zuek hemen hotzak, eta gu kanpoan beroak urtzen?». Ez zen haserre langilea.

Baina gatozen oraingo kontuetara. Bada etxafuego-hotsa han eta hemen. Etxafuegoak! Zenbat euskal hitzek ote ditu 'etxafuego' hitzak adina aldagai? Hauexek dakartza Orotariko Euskal Hiztegiak: altxafuego, altxapero, atxafuego, etxaferu, etxaflero, etxapero, etxaplero, etxapleru, etxapliro, etxefuego, itxafero, itxapero, txaflero, txaplero, txapauro, txapaurue, txapligo, txapligu, txapliu... Ez dakit denak jaso ditudan. Baina bakarren bat falta da. Guk, umetan, 'etxeferu' esaten genuen Andoainen.

Denboraren joanak higatu egiten du jatorrizko hitza, desitxuratu, itsustu. Eta beharrezkoa izaten da hitzaren jatorrizko itxura eta forma berreskura-tzea. Horixe da filologoen eta Euskaltzaindiaren lan eskergaitza.

Baina, batzuetan, bestelako lana ere egiten du denboraren joanak: hasierako hitza osatu eta aberastu; falta zitzaiona eman hitzari, jatorrizko hutsunea bete. Esaterako, 'etxafuego' erdi bidean geratutako hitza da. Jasotzen du begiz ikusten dena, baina ez belarriz aditzen dena. 'Txapligo', 'txapligu' eta 'txapliu' aditzean, berriz, suziriaren hotsa eta eztanda ere aditzen ari gara aldi berean, bata bestearen segidan, sekuentzia ederrean. Ia-ia onomatopeiak dirudite.

Halakoetan, pena ematen du bigaren mailan utzi beharra hain aldagai ederrak, batasunaren izenean. Hizkuntza-kontuetan ere ez da erraza ekologista izatea.

Aldagaiak aldagai, festak gozatzea da kontua, etxafuego, su, hots, eztanda eta kolore, ekologistak izateari utzi gabe. Eta zer ekologistagorik, elkar errespetatzea baino?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Etxafuegoak