Borrar

Eskubidea, ez betebeharra

Bai horixe ·

Eskubide hori duten senar-emazte asko ez dira oraindik dibortziatu

Astelehena, 28 otsaila 2022, 07:04

Comenta

Bada kontu bat batzuek ulertzen ez dutena: eskubideak ez dira eginbeharrak. Eskubide batek bidea zabaltzen du, aukerak ugaltzen ditu, baina ez du inor behartzen, norberaren esku dago zer, noiz edo nola egin, baita ezer ez egitea ere.

Emakume batek meatzari izateko eskubidea aldarrikatu eta lortzen duenean, horrek ez du inor meategira sartzera behartzen, itsasontzi batean arrantzale izan nahi duen emakumeak beste emakumeok itsasora behartzen ez gaituen bezalaxe. Agian zuk edo nik ez dugu inoiz bide hori urratuko, baina eskubide hori aitortzen zaigu.

Demagun emakume batek apaiz edo gotzain izan nahi duela. Bada, mirariz edo, eliza katolikoan eskubide hori lortuko balu, horrek ez ditu emakume guztiak apaiz bilakatuko. Berdin emakume batek armadan edo polizian sartu nahi badu. Urtetan itxita egon da gurean bide hori eta atea zabaldu zenean, eskubide horrek ez gintuen gainerako emakumeok ertzaina edo polizia bilakatu.

Kalean abortuaren alde manifestatzen garenean, abortua osasun sistema publikoetan egin behar dela defenditzen dugunean, edo abortatzeko epea luzatzearen alde egiten dugunean, horrek ez du inor abortatzera behartzen. Are gehiago, eskubide horren alde egin dute eta egingo dute sekula santan haurdun egongo ez diren emakumeek, baita ama izateko irrikatan daudenek ere.

Berdin gertatzen da dibortzioarekin. Berreskuratu zen gure artean Francoren diktadurak lapurtutako eskubide hori, kostata eskuratu ere eta, halere, oraindik asko dira dibortziatu ez diren senar-emazteak. Gaur egun ezkontzen denak pentsa dezake berea betiko izango dela, baina jakin badaki hor duela dibortzioa gauzak nahi bezala joango ez balira ere.

Zure herriko festetan danborra jotzeko eskubidea aldarrikatzen duzunean ez zara inor horretara behartzen ari. Eskubide bat defenditzen ari zara, zuretzat eta beste askorentzat, ez betebehar bat. Nahi duena lasai asko gera daiteke espaloian, txaloka edo bibaka. Ez da nahitaezko soldaduska, eskubidea baizik.

Are gehiago, errealitateak frogatzen du alderantzizkoa ere gertatzen dela eskubideekin. Teorian, emakume bat izan daiteke lehendakari, baina ez da, oraindik eskubide hori gauzatu, ez hemen ez lurralde gehienetan. Hitzek diotena ez du ekintzak egiaztatzen, gure ekintzak, askotan, ez dira gure hitzen alaba.

Nire ustez, baliatuko ez dudan eskubide bat aitortzen zaigunean, guztiok irabazten dugu, ez aldarria defenditu dutenak soilik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eskubidea, ez betebeharra