Eguzkiaren ziaboga
Bai horixe ·
Etimologiaz horixe da 'solstizio' hitzaren esanahia: 'sol stare', eguzkia egoneanHerenegun goizean izan genuen aurtengo udako solstizioa. Eta gaur gauean dugu San Joan bezperako sua, solstizioaren ospakizuna. Gaztetxotan ikasi genion Manuel Lekuonari zer den solstizioa. Antzinako gizakiak –jentilak– berehala ohartu omen ziren eguzkia ez dela beti leku beretik irteten eta leku beretik ezkutatzen. Alegia, mugitu egiten direla eguzkiaren sorlekua eta sarlekua, iparraldera edo hegoaldera, oso pixkana bada ere. Eta eguzkia zenbat eta iparralderago joan, orduan eta luzeago eguna. Eta alderantziz.
Baina, une batean, eguzkiak topea jotzen du ibilbide horretan, herenegun bezala, eta itzulerako bidea hartzen du. Ba, topea jotze horri deitzen zaio solstizioa. Horrela ikasi genion Manuel Lekuonari.
Horren harira, ziaboga egiten irudikatzen dugu eguzkia urtean bitan, solstizio banatan, udaren eta neguaren hasieran. Azkenekoz, herenegun. Gaur egun, gainera, badakigu ziaboga zer minutuan gertatzen den ere. Herenegun, goizeko 11:14 zirenean gure erlojuetan (9:14, eguzkiaren arabera).
Hori dena biribiltzeko, polita izango litzateke 'solstizio' hitzaren etimologiak ere zerikusia izatea ziabogarekin. Eta hala ematen du lehen kolpean; 'eguzkia egonean' ('sol stare') baita jatorriz 'solstizio'. Baina biribilegia izango litzateke. Geldi egote hori, berez, ez dagokie eguzkiaren sorlekuari edo sarlekuari. Baizik eta solstizio-egunetan eguzkia geldirik egoteari, eguerdi-eguerdian. Hori ematen baitu. Udan, hala, zerurik gorenean egongo litzateke geldirik. Eta hortik letorke 'ekaina' izena; eguzki-gaina, alegia.
Barkatu. Buelta gehiegi eman ditut, gauzak gehiegi biribildu nahian. Baina bestela ere biribil askoa da eguzkia. Eta biribil asko dabil irten eta sartu, eguna joan eta eguna etorri. Biribil asko dabil Lurra ere eguzkiaren bueltan jira eta bira, 107.208 kilometro orduko abiadan, guri ezer galdetu gabe eta gu ohartu gabe. Eskerrak. Gugatik balitz, honezkero bazterra jota legoke, ez aurrera eta ez atzera.
Eta eskerrak, tarteka, zerura ere begiratzen dugun, eta kontu harrigarri horiek berritzen ditugun. Eta urtean bitan ospatzen. Gaur gauean bezala, gure antzinakoek –jentilek– egiten zuten moduan.
Biribila izan daiteke gaur gaueko ospakizuna ere, suaren inguruan biribilketa dantzan, gure aurrekoei ere esku emanda, eguzkiarekiko esker onez, arraun txikia galdu ez duelako aurtengo uda-hasierako ziabogan.