Eguneroko bitxikeriak

Nikolas Zendoia
NIKOLAS ZENDOIA

Eguneroko eginbearrak nola daramazkigun zergatik ez degu adierazten? Zergatik ez degu idazten? Lotsa ematen digu? Lotsagarriak dira? Ain baldar gabiltza? Ala txikikeriak dirala iruditzen zaigu?

Menga, menga. Aitortzak egiten txiki samarrak giñanetik ikasi genuen, ba! Illean beingo aitortza eta jaunartzea egiteko, zenbat aldiz geure buruari: «Apaizari zer esan bear zioagu? Pekatu itxurazkorik ere ez zeukaagu... Egin ez degun zerbait, berriz, ezin esan; gezurra esatea pekatua dalako».

Zenbat gertaera polit degun eguneroko bizitzan! Eta esango nuke gordean lagatzen ditugula.

Nere gogoeta auek, batik bat, jubilatuak geranon artera begiratutakoak dira. Lanean diranen artera ez naiz sartzen nere ikuspegiarekin. Baiña ez dezala iñork pentsa jubilatutako aitona-amonek ez degula lanik egiten. Familia guztietan estimatuak izaten dira-eta aitona-amonen laguntzak. Eta, nola ez?, geroni ere pozik, laguntzeko moduan geranean.

Eroskiko supermerkatua aipatuko nuke, asteko. Eguneroko erosketak egiteko-edo, bertan bildu oi geralako jubilatu-jendea. Baita ere, bertan esaten dan ainbeste gezur esaten degun beste plazarik iñun ez degulako. Ez, noski, elkar ondatzeko moduko gezurrak. Pasadizoak, txantxa-girokoak. Elkarri sinisten ez dizkiogun oietakoak, alegia.

Egia esan bear bada, aitonok erosketa askotxo egin bear izaten degu. Ori bai: amonak egiten du etxean falta diran gauzen zerrenda, paper xelebreren batean. Eta abiatzerakoan, beti galdera berdiña, neri beintzat:

- Betaurrekoak artu al dituzu?

Zerbait aaztu edo okerreko gauzaren bat ekarri ezkero ere, kontu jakiña:

- Gaur ere betaurrekoak etxean lagako zenituen...

Zer txikikeria politak eta aundiak! Utsuneen betegarriak.

Gu aitonok denbora-pasa ere sarritan goaz aipatutako Eroskira: bero aundia bada, eguraldi txarra bada... Munduko akatsak konpondu, eta aurrera txalupa.

Gaiñera, erosketetara joaten geran saltoki oietan, beti zerbait ikasten da. Beti zerbait berria ikusten degulako. Baita alperrikako gauza franko ere. Marka da gero! Ezer gutxirekin azi giñanoi, gauzen erdiak ez dirala bear iruditzen zaigu. Edo alperrikakoak dirala.

Amonek argatik bidaltzen gaituzte aitonak erosketetara: badakitelako alperrikako gauzetan ez degula txanponik xautuko. Baiña dana esan bear da. Ez pentsa aitonak ere santu-santu ibiltzen geranik. Amona berritsuei-eta ez diegu isilik lagako. Zera: ondoan gurutzatu eta «gero arte» esan eta laga? Ez, ez!

- Kaixo, moñoña. Gaur ere bazabiltza danoi inbidia ematen, apain-apain jantzita. Ez dago zu bezelakorik merkatu onetan.

- Baina ez pentsa salgai nagoenik.

- Bein saldu ziñanekoa naikoa al dezu, ba?

- Amona guztiei esaten dizkiezu orrelakoak?

- Merezi dutenei bakarrik.

- Aizu, ez zaidazu kolorerik gorriarazi, e!

Ez da iñor aserretzen, «kaixo, maja» edo «kaixo, majo» esanda. Baiña kontuz. Beren baitan isillean esango dute: «aitona lotsagabe auek!».

Txantxa auek guztiak pekatu benialak dira. Eguneroko pasadizoak. Bistara azaldu litezkeen egunerokoak.

Bearbada, gu aitonon pekatutxoa izan daitekeena da, edo neurea agian, ardo-saltokian sarri-sarri begiratzea. Ea beerapenean zer dagoen eta guzti ori. Amonak jartzen duen neurritik ez bait dago asko pasatzerik. Bestela, salda beroa izango da auzoan, etxean bear dan kasoan.

Saltoki oietan, nik ez det ikusten aitona diru-gastatzaillerik. Xuurkerian bai, ibiltzen gera. Neroni aurrena naizela. Zera: amabost bat egunerako pare bat botilla ardo erosteko, bat erdi-prezioan dagoenaren billa amorratuta. Ni beintzat orrela ibiltzen naiz.

Leentxeago nioena: ikasi ere egiten degu leku oietan. Orretarako, begiratu egin bear, ordea, aurretik dijoaztenei. Eta ez amona politei bakarrik. Baita bastoiarekin dabiltzan aitonei ere.

Egun batzuk badira. Aitona txiki buru-txuri bat, edukiko zituen larogei urte. Karroa edo gurdixka laga pasagunean, eta an dijoa ardo-gelara bastoiarekin. Ni merkeenen billa nenbillen beti bezela. Aitona txiki ura isil-isilik pasa zitzaidan ondoan. Egunonik ere esan gabe badijoala, garestienak zeuden saillera. Eta, rau!, agudo eskua, sei euroko Errioxako ardo beltz onduari.

Zerbait esan nai, eta nik:

- Bigarren bastoi ona daramazu, aitona. Orrek balantzak eragiten ditu.

Eta berak, dana ulertu izan balu bezela:

- ¡Qué! ¿Estás mirando los vinos baratos? Coge del bueno, hombre, que están para nosotros.

Neure baitan: «Ño. Aitona onen pentsaera eta nerea ez dituk berdiñak».

- Tienes razón. Ahora mismo voy a coger un par como el tuyo -nire erronka.

- Tampoco te pases -berak.

Ez da gezurra, ur askotan pasatakoek ardoaz itz egiten dutenean, ondo entzun bear zaiela. Ai, mutillak, begiak argi, eta belarriak garbi.

A! Guk aitonok errefresko eta gaiñerako edari arraroei ez diegu kasorik egiten. Eta patarrari gutxiago.

Aitonon ikus-leku,

beraz ardo-denda.

Ea espabilatzen

naizen beingoz, benga.

Gizon buru-txuri ark

ninduen gomenda:

bi txar baiño bat ona

obea omen da.

Zenbat txikikeria polit dauzkagun egunerokoan! Orixegatik ari naiz batzuk bada ere azaltzen. Edonork esan lezake: «A zer gauzak jartzen ari dan gure baserritarra! Ez zegok, ba, gai garrantzitsuagorik gaur egun». Neure mailla auxe da, ba!

Dakigun baiño mailla aundiagoaren billa asten bagera, berriz, erori gintezke ipurdiz gora. Txikiok txikikeriak apainduz jarraitu bear onek ere badu bere oore apala.

Temas

Euskera