Ebaluazioak
Bai horixe ·
Aho biko ezpatak dira ebaluazioak: ikasleen lana ez ezik, irakasleen jarduna ere neurtzen dutenakBada ebaluazio-hotsa bazterretan. Ikasturtearen amaieran gauden seinale. Udaren ataria, opor-usaina. Eta aurretik, ebaluazioak. Zorioneko ebaluazioak! Examinak deitzen genien mutikotan. Gero, azterketak bihurtu ziren, euskaraz ere alfabetatzen hasi ginenean. Ebaluazioak, geroxeagoko deitura da, 1970 ingurukoa. Izenak izen, pasatu egin behar proba bihurri horiek.
Baina ikasturtean zehar ere badira eta izaten ziren ebaluazioak; eta ebaluazioekin batera, puntuazioak, notak eta kalifikazioak. Eta amorrazioak. Eta era guztietako ziri-sartzeak. Jakin berria dut horietako bat, 'Ihintza' aldizkarian irakurrita. Salletarren barne-aldizkari horren azken alean dator Bernardo Atxagak kontatu berria Donostiako La Salle ikastetxeko ikasleei, ikastetxearen 75. urteurrena dela eta. Bertako ikasle izan baitzen bera ere, artean Joseba Irazu zela.
Donostiako La Salle ikastetxean ba omen zen, orduko batxilergoaren 6. urtean, literatur irakasle bat, Vicente, 'redacción' izeneko idazlanak tentu handiz lantzen zituena. Irakasleak berak sortutako ereduak ematen omen zizkien ikasleei, eta ikasleek eredu haien arabera egin behar zintzo idazlana.
Joseba Irazuk, ordea, kasu gehiago egiten bere barne-hotsari, irakaslearen esanari baino; hamabost urterekin Bernardo Atxaga izaten hasia, nonbait. Vicente irakasleak, berriz, berak jarritako irizpideen arabera ematen puntuazioa: «Irazu, 5 puntos»; juxtu-juxtu pasatu zuela langa, alegia. Eta horrela, astea joan eta astea etorri.
Harik eta Vicentek 'La tormenta' jarri zien arte idazlanerako gai. Atxaga gaztetxoak, ordurako irakurria Virgilioren 'Eneida' eta gogoan hartua ekaitzaren pasartea. Eta Virgiliok idatzia ia hitzez hitz baliatuz osatu omen zuen idazlana. Irakasleak zerbait bereizia sumatuko zuen, noski. Izan ere, puntuazioa ematerakoan, «Irazu, 6 puntos» esan omen zion; errazago pasatu zuela langa, alegia. «Bagoazak, Virgilio; bagoazak aurrera», esango zion Atxagak poeta gidariari.
Zenbat horrelako puxtarri irakasleon curriculumetan! Noizbait ikasten ari gara, poliki-poliki, aho biko ezpatak direla ebaluazioak: ikasleen lana ez ezik, irakasleen jarduna ere neurtzen dutenak. Bigarren ahoaren hau barneratzen lanak!
Dena den, argi ibili, irakasleok; batez ere oraindik berria egiten bazaizue bigarren ahoarena. Zalantzaren bat izanez gero, ikaslearen alde egin. Badaezpada.