Desertuan
Bai horixe ·
«Bizitzaz pentsatzea da literaturaren zeregin nagusia. Estetikaren lanbrotik pentsatzea da. ArtetikPolita ari zait gertatzen, 'Desertuan behatxuloa' irakurtzen ari naizela, Anjel Lertxundiren azken saiakera literarioa. Liburuaren azala ikusi orduko, oroitzapen bat etorri zitzaidan gogora, eta geroztik hemen darabiltzat biak, liburuak dioena eta oroitzapena, elkarrekin jolasean.
Uarzazat izeneko hiritik gertu izan zen, Marokoren hegoaldean. Nola edo hala iritsi ginen hara zenbait turista, Marrakex-ko autobus txiki batean, taldearen gidariak aipatzen zizkigun kontu guztiak atzeman ezinik: Atlas Handia mendikatea, eskuinean; berbereak, tuaregak eta gizon urdinak, irudimenean... Uarzazat zergatik zen ospetsua ere esan zigun. Hiri hura omen du Saharako desertuak ate. Eta bazkalondoan eramango gintuela desertua non hasten den ikustera.
Bazkalondoan, oinez joan ginen taldean txintxo-txintxo, gidaria buru genuela. Bat-batean gelditu da gidaria eta bota digu: «Hementxe hasten da desertua». Ezker eta eskuin begiratu genuen, aurrera eta atzera gero. Han ez zegoen ez inolako mugarik, ez inolako marrarik. Bat eta bera zen paisaia alde guztietan. Hondarra suelto. Suelto, bi zentzuetan. Ez lotura eta ez neurri, milaka urteko higaduraren ondorio eta ondare xehatu.
Anjel Lertxundik hitz bera baliatuz –desertua– izendatzen du gaurko gure gizarte mugagabe eta higatu hau. Eta desertu honetan, ate sendo bat irudikatzen du maratila eta guzti; eta, atearen goialdeko behatxulotik begira, bizitzaz dihardu begiratu bereziaz. Izan ere... «Hartaz [bizitzaz] pentsatzea da literaturaren zeregin nagusia. Ez, noski, filosofiaren, historiaren edo etikaren bidetik, estetikaren lanbrotik baizik. Artetik. Bizitza dugu bizitzaz hausnartzeko aukera aparta eta bakarra» (63. or).
Oker ez banabil, pasarte horretantxe dago saiakera irakurtzeko giltza. Idazleak literaturaz dihardu eta literatura baliatzen du gizakia, gizartea eta bizitza arakatzeko. Oso gaztetan hasi zen, eta horretan jarraitzen du aitonduta gero ere, ale bikainak eskainiz.
Hala, zenbat zoko argitzen dituen ipurtargi xumearen egiaz, hamabi orrialdetan zehar! Eta zer-nolako etekina ateratzen dion Freuden aitorpen honi: «Neure buruari galdetzen diodan aldiro zergatik saiatu naizen onesta izaten [...], ez daukat erantzunik»!
Ez dira gutxi estimatzen horrelako saiakerak. Izan ere, askotan ez dago erraza jakiten non hasten den ere desertua, eta are gutxiago non bukatzen den.