Borrar
Egin kontu

Bihotza zakarrontzira

Hamabost minutu isilik. Halaxe egoten nintzen Beasaingo plazan. Nik bihotz taupadak zenbatzen nituen

Jueves, 14 de septiembre 2023, 02:00

Comenta

Buru bat eta bi ipurdi dituen sagar batekin etorri da aita etxera. Bilobari oparitu dio sagarra, eta jakin-minari tiraka, galdera bikoitza utzi dugu mahai gainean zintzilik: bihotz bat ala bi bihotz izango ditu? Eskolara eraman du sagarra Elederrek, merezi du esperimentua lagunartean partekatzea, jakin-mina jolas bihurtzea eta gaiari tira egitea, noranahira. Pasa da (egin dute, osatu dute... behar luke, ezta?) lehen eskola eguna. Pozik itzuli da Eleder etxera eskuan eraman duen sagarraren erdia hartuta. 'Eta?', 'Ez du bihotzik, ama!'. Nola litekeen galdetu diot. Barruan gozo zegoen harrak jango zuela erantzun dit.

'Gesto' dokumentala ikusgai izango da gaur Ordiziako Herri Antzokian. Hamabost minutu isilik. Halaxe egoten nintzen Beasaingo plazan. Oso-oso txikitatik adinez koxkortu nintzen arte. Hamabost minutu isilik. Nor berean. Hamabost minutu isilik mundu bat da bost urte dituzunean. Hogeita lau urte dituzunean ere bai. Nik bihotz taupadak zenbatzen nituen denbora tarte horretan. Nire taupaden oihartzunari biktimen taupadak eta hiltzaileen taupadak bereizten saiatzen nintzen begiak auskalo non. Horixe zelako zailena, hamabost minutuz begiak non kokatu asmatzea. Ez naiz isiltasunari eraso egiten ziotenekin oroitzen. Bost urteko ume hura (eta hogeita lauko heldua) elkarretaratzearen aurretik pasatzen ziren (batzuk begira, beste batzuk buru-makur) haiekin kateatuta geratzen zela dut gogoan. Hamabost minutuan kalean gora eta kalean behera banaka asko joaten ziren plazaren erdian geldirik zeuden gutxi batzuen aurretik pasata, eta oso gogorra egiten zitzaidan begirada pertsona haiengan pausatzea. Auzolotsa sentitzen nuen. Haien taupadak (batez ere aldapa gora joaten zirenenak) ere tartekatzen nituen taupada zenbaketan.

Duela urtebete 'Gesto' dokumentala estreinatu zen toki berean estreinatuko da 'No me llame Ternera' dokumentala. Haizeak jotzerako harrotu dira hautsak. Begiak non kokatu asmatzeko ikusi egin beharko da. Hor ere izango da taupadarik. Izan ere...

... buru bat eta bi ipurdi zituen sagar erdiarekin etorri da Eleder etxera sagarrak bihotzik ez duela esanez. Ama erantzunarekin konforme ez, eta buru erdia eta ipurdi bakarra gelditu zaion sagarrari zasta egin diogu ebakia erdiz erdi. Eta hortxe azaldu da. Bihotza. Pepita-taupadaz josia. Pena (eta amorru) bakarra horixe, ustez ustelduta zegoen beste sagar erdia zakarrontzira bota dutela ikasgelan. Zakarrontzira bota dutela sagarra, ustez ez zuen bihotz eta guzti.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bihotza zakarrontzira